Berdinduta hasi zen partida, nahiz eta neurketako lehen minutuan Gaztediko jokalari bat kanporatua izan zen "falta profesional" delakoagatik.
Zelai erdian borroka asko egin zuten bi taldeek, baina Beltzakek lortu zuen Gaztediren lerroak haustea 15. minutuan. Xabat Amilibiak egin zuen entsegua eta transformazioa 7-0 aurretik jartzeko.
Zazpi minutu beranduago Pablo Diezen gidaritzapean, partida kontrolpean izan zuten Beltzakeko mutilek eta beste entsegu bat egin zuten.30. minutuan Xalbat Amilibiak hankarekin baloi obalatua hegalean jarri eta Aimar Mitxelenak indartsu atzetik etorrita 19-0koa jarri zuen markagailuan.
Aldageletatik bueltan gasteiztarrak presionatzen hasi ziren eta Andoni Amonarrizi txartel horia aterarazi zioten. Handik hamar minutura kanporatua izan zen eta Gaztediren minutu onenak iritsi ziren ostean. Neurketako 55. minutuan entsegua eta transformazioa eginda, 19-7koa jarri zuten.
Beltzakeko entrenatzaileak saiatu ziren nola-hala Gaztediren oldarraldiari eusten aldaketak eginaz, baina alferrik. 65. minutuan 19-12koa jarri zuten Michelingo berdeguneko markagailuan. Azken minutuetan zertxobait sufritu bazuen ere, Amilibiaren zigor kolpe baten bitartez, 22-12ko azken emaitza finkatu zuen Beltzakek.
Eguneko momentu ederrena hirugarren denbora izan zen. Garaipenaren gozoa, are eta gehiago gozatu zuen txistorra pintxoak. Santo Tomas eguna izanik, sabela betez berreskuratu zituzten indarrak bi taldeetako morroskoek.
Atzoko garaipenarekin eta zakuratutako 4 puntuekin, sailkapeneko 6. postuan finkatu dira herriko Beltzak.