Arratsaldea hotz samar hasi arren, orduek aurrera egin ahala Okendo Plazako giroa berotzen joan da. Talogileak serio demonio lanean ari ziren bitartean, Martina txerriaren etorrerak aztoratu ditu herriko txikitxoak. Telleri baserritik zuzenean Okendora jaitsi dute 180 kiloko pisua duen Martina txerri emea, sei txerrikume alboan zituela.
Ikusmin handia sortu du ez bakarrik haurren artean, gurasoak ere ukondoekin lekua eginez zebiltzan mugikor edota argazki-kamerekin Martina dotoreari argazkiak egin asmoz.
Haurren erromerian parte-hartzea handia izan da eta euskal dantza tradizionalak ikasteko aukera izan dute hauek, lehen pausuak helduekin ematera animatuta.
Xumela abesbatzak Euskal Herriko abesti ezagunak kantatu ditu, Gabonetakoekin nahastuta.
Jarraian bertsolarien txanda izan da, Ane Labakak berehala galdetu dio Patxi Etxeberriari baserritar jantzia non zuen. Honek erantzun dio aspaldi bizi zela bera kalean eta gaur baserritar jantzia janzten duten askok ez dakitela zer ote den baserriko bizitza.
Ikusleen irribarreak eragin ditu bertsoaldiak eta hauek paso eman diote Amalur trikiti eta pandero eskolako gazteen erromeriari ilunabarra doinu alaiez girotzeko.
Egunari amaiera emateko, Dabid Egizabal eta Maider Oiartzabalen eskutik plaza-dantza eta munduko dantzak ikasteko aukera izan da.
Txistorra eta taloa
Talogileak jo eta su aritu dira lanean gelditu gabe. 35 kilo irin eta 27 kilo txistorra ez dira nahikoa izan herritarren sabelak betetzeko. Urtean behin jaten dute gehienek taloa eta aurten ere ez diote urteroko zitari hutsik egin.
SANTO TOMASETAKO ARGAZKI GALERIA: http://txintxarri.info/galeria/567/