Errigoraren ekimenez eta AEK, Ikastolen Elkartea, Sortzen eta Zazpiak Bat-en babesaz, “Nafar Hegoaldeko uzta; euskarari puzka” kanpaina jarri zuten martxan urriaren 28an eta azaroaren 14an bukatu zen. Nafarroa Hegoaldeko euskalgintzari laguntzeko Nafar Hegoaldeko produktuan dituen saskia jarri zuten salgai.
Asteazkenean, Arroitzen eskainitako prentsaurrekoan, Errigora ekimeneko kideek kanpainaren balorazioa egin zuten. “Esloganak berak dioenari jarraituz, sekulako puzkada egin dugu denon artean. Egin zitezkeen aurreikuspen onenak ere gainditu ditugu”.
Agerraldian azaldu zuten legez, 8.000 saskitik gora banatu dira Euskal Herriko herrialde guztietan zehar. Era honetara, batetik Nafar hegoaldeko hamaika produktu etxeetan dastatzea eta bestetik, 112.000 euro Nafar hegoaldeko euskalgintzarako batzea lortu da. Bildutako diru hau 3 proiektuetara bideratuko da, Lodosako ikastola, “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimena eta Erriberako AEK-ra.
Auzolana
Errigorako kideek kanpaina honetan egin den auzolana azpimarratu zuten, “urria eta azaroa bitartean bizi bizirik egon den kanpaina hau, auzolan ariketa ederra izan da; ahozapore onarekin uzten gaituzten horietakoa”. Izan ere, kanpainak 7 probintzietan izan du hedapena eta ikastola, eskola eta euskaltegiez gain taberna zein denda, elkarte, enpresa, unibertsitate, udaletxe... izan dira erakusgai saskiak. “Kalean mahai bat jarrita kanpaina egin duenik ere izan da. Gabon saski bihurtu dute lantoki batzuetan eta eskari ederrak osatu,” jakin arazi zuten.
Horregatik, proiektu honetan parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman eta guztiak zoriondu nahi izan zituzten.
Errigora Lasarte-Orian
Lasarte-Orian ere, Nafar Hegoaldeko euskalgintzari lagundu nahi izan diote hainbat elkartek AEK Muntteri euskaltegian, Landaberri BHIn eta Ttakunen, baita enpresa pribatu batek ere.
Guztira 5.000 bat euro izan dira gure herrian bildu eta Nafarrora bidali direnak.
Udaberrian ere aukera
Ez da azarokoa saskiak erosi ahalko den garai bakarra izango. ERRIGORA ekimenak jakitera eman duenez, udaberrian bigarren sorta erosi ahalko da garaiko produktuekin.
“Hau, xumeagoa izango da ziurrenik, zertxobait desberdina egin berri dugun kanpainarekin alderatuta; baina helburu eta ilusio berberekin landuko ditugu, hori ziur!,” adierazi zuten ERRIGORAko kideek.