Gaur eguerdiko udalbatzarrean, Euskara saileko bi gai bakarrik aztertuko zirela zirudien arren, udalak urgentziazko deialdia egin behar izan du beste gai bat lantzeko, ordenantza fiskalei egindako helegitea.
Administrazioko kontu tekniko batengatik, helegitea gaur jorratu behar dela azaldu du kontuhartzaileak. Alderdi guztiak bat etorri dira gaia jorratzen.
Partikular batek terraza itxien tasa %20a jaistea proposatu du.
EAJ-k zirriborroan igoera ez egitea edo jaitsiera egitea proposatu zuela aipatu zuen. Terraza itxietakoen terraza normalen arteko aldea oso handia dela aipatu du, %119 gehiago eta 2012an zegoen aldea mantendu edo guztiei %20a jaistearen alde daudela onartu du.
PSE-EEk 2012. urtean igoera teknikoa %46koa izan zenean, haiek KPIA soilik igotzearen aldekoak izan zirela adierazi du. Aurten KPIa bakarrik igo denez horren alde egin dutela azpimarratu du, baina hau lehenago aurreikusi behar zutela adierazi du. Era berean, egoera honek gobernu talde eta udala eramaten duten beste bi taldeen arteko egonkortasun eza erakusten duela aipatu du.
Helegitea ez da aurrera atera. Ordenantzako puntua aldatzearen alde agertu da EAJ, aurka bozkatu dute Bildu eta LOHP-k eta PSE-EE, PP eta Marisa Zubiri ez adskribatua abstenitu egin dira.
Euskarako mozioak aurrera
Euskara arloari dagozkion bi gaiak aurrera atera dira.
Batetik Euskara ordenantzako 15. artikuluaren aldaketa onartu da PSE-ren aurkako boza eta PPren abstentzioarekin. Orain arte, bi ehuneko hartzen ziren kontuan laguntzak ematerakoan batetik %40a eta bestetik %75. Gaurko onarpenaren ostean, %85a izango da.
Hau ordenantzaren eta dirulaguntzen banaketaren araudiaren berrikuspenaren pauso bat besterik ez dela argitu du Euskara Batzordeko buruak, Boris Nogalesek eta hurrengo urteko dirulaguntzen partida igotzeko dela aipatu du, "ia %50".
PSE-EE ez da alde agertu partida horren igoera oso handia iruditzen zaiolako. PP-ko Vanesa Velezek berriz, abstentziora jo du, bere proposamen irekia kontuan izan ez zelako eta batzordean errespetu falta egon zela azpimarratu du.
Boris Nogalesek, proposamen hori hurrengo pausorako dirulaguntzen araudi aldaketarako kontuan izango dela adierazi du.
Bestetik, "Euskararen bidegorria 2013-1017 plana" martzan jarriko da udalaren oniritziaren ostean. PP eta PSE-EE abstenitu egin dira.
Euskara Batzordeko buruak azaldu duenez, hizkuntza sailburutzak udalei plangintza bat egiteko eskatzen die. Honen irizpideak jarraikiz, euskara teknikariak 2011tik "euskararen bidegorria" planarekin ari dira lanean eta hau luzapen bat izango litzateke. Honen bitartez, udaletxeko euskara erabilera arautzen da. Proiektu hau herritarren onurarako ere izango dela azpimarratu du.
PPk plangintza honen alde dagoela onartu du, baina euskara ez dakiten eskubideak ere kontuan izan behar direla azpimarratu du "ez gaude hauen eskubideak urratzearen alde. Bi hizkuntza ofizial ditugu eta euskara bultzatu behar da".
Euskara Batzordeko buruak azaldu duenez, "hau ez da plangintza baztertzaile bat izango. Ez da gaztelania alde batera utziko. Bi hizkuntzak bermatuko dira".