Musikaz gozatzeko aukera ugari

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 13a

Musikaz betetako arratsaldea izango dugu bihar Lasarte-Orian. Izan ere, Lasarte-Oriako Zirkuitu musikalaren eskutik, 19:00etatik gaueko ordu txikiak arte, estilo desberdinetako musikaz gozatzeko aukera izango baita. Erdiguneko bost tabernatan antolatu den jaialdian herritar guztiek haien gustuko musika aurkitzeko aukera izango dute. Lasarte-Oriako Zirkuitu musikaleko antolatzaileek jaialdira hurbitzera gonbidatzen dituzte herritarrak.

Punk, rock and rolla, 80 eta 90 hamarkadetako musika... Zirkuitu musikalaren eskutik, bihar arratsalde eta gauean musika izango da nagusi Lasarte-Oriako erdigunean. Zirkuitu musikalak gure herrian 10 urtetan antolatu den Multimusikalaren testigua hartuko du aurten eta hurrengo urteetan “ahal bada“ antolatzeko asmoa agertu dute antolatzaileek. Zirkuituaren lehen edizio honetan Lasarte-Oriako erdi guneko bost tabernatan izango dira emanaldiak. Era honetara, Avenida taberna, Mendi Kafe-rock, Siglo 20, Jalgi Kafe Antzokia eta Zulo aretoan musika jaialdi honetaz goza-tzeko aukera izango da. 

Estilo desberdinak 

Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, musika estilo desberdinetako kontzertuak izango dira. Lehenengo saioa Siglo 20 tabernan izango da. “Mr. Kostra“ DJ-aren eskutik lehenik gruta sound musika izango da. Ostean, eta “Mr. Kalikuta“-k African beats doinuak Avenidan berriz, 19:30ean, punk bertsioak eskainiko dituzte Lasarte-Oriako “The Garax“ taldeko gazteek. Rock and roll eta boogie wogie doinuak dantzatu nahi dituenak, berriz, Lee Juniorrek kontzertua izango du Mendi Kafe-Rock tabernan 20:00etan. Soinu gogorragoak gustuko dituenak, 22:30etatik aurrera bi aukera ditu.

Batetik Jalgi Kafe-Antzokian, “Devhon“ taldea izango da. Talde beasaindarrak trash metal eta gaur egungo metal doinuak eskainiko ditu.
Eta bestetik, “Ras“ eta “Urbangrid“-ek Grindcore doinuez beteko dute Zulo.


Gau osoan

Ordu txikiak arte dantzan egon nahi duenak ere aukera izango du. Gauerditik aurrera, Zulo aretoan DJ H.K.-ren saioa izango da . Siglo 20-en aldiz, “Fredi Mercurio“-ren saioa izango da. Denboran atzera bidaiatuko dira tabernara gertura-tzen direnak, izan ere, 80 eta 90 hamarkadako musika eta elektro diskoaz betetako emanaldia izango da. Antolatzaileek herritarrak animatzen dituzte larunbatean musika jaialdi honetaz gozatzera.