Biba Zorrien izurritea!

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 14a

Bizkaiera polit eta goxoan, Joseba Sarrionandiaren mikroipuinetan oinarritutako lana izan dute ikusgai lasarteoriatarrek gaur iluntzean. Markina-Xemeingo herritar talde amateur batek eskainitako obraren izena da "Biba zorrien izurritea". Ander Lipus antzerkigile ezagunak zuzendutako antzerkia.

Istorio laburrak eta elkarren artean oso ezberdinak antzeztu dituzte. Pieza gehienak umorezkoak izan dira, kapsula txikitan, baina izan da zenbait metafora eta momentu sakonagorik ere. Pieza arteko trantsizioak eta zenbait momentu musikaz girotu dituzte bi musikarik gitarra, danborra era trikitixa baten laguntzaz. Jendea barrez lehertu da antzerkiko zenbait unetan. Hiru ate eta bi harmaila txikirekin girotutako oholtzaz gain, euren lana egiteko Manuel Lekuonako areto guztia erabili dute hamaika aktoreek. Ikusleen txalo-zaparrada jasota, kalejira eta irrintzi artean utzi dute oholtza bizkaitarrek.  

Udaleko kultura sailak antzerki amateurrari egingo dion tartearen adibide izan da gaurkoa. Kukuka antzerki eta dantza eskolarekin elkarlanean bultzatu du EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak proposatutako zirkuitu amateurraren egitasmoa. Bestalde, drama eta umorea nahastu dituen "Putopia" antzerkia ikusteko aukera izan da Zulo aretoan.