Ziklo-kros eta pistan primeran

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 16a

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako lagunak pista eta ziklo-kros denboraldietan murgilduak daude.

Asteasuko ziklo-kros proban izan ziren abenduaren 6an eta honetan Iñigo Altuna kadetea laugarren postuan iritsi zen helmugara. Jubenil mailan ere hamar onenen artean egon ziren txirrindularitza eskolako bi kide. Xuban Errazkin 5. postuan amaitu zuen lasterketa eta bere atzetik Jon Ander Unananue sartu zen helmugan. Taldeko Imanol Martinez, Luis Sobejano eta Joseba Adurizek ere proba amaitu zuten.
Asteburu honetan Legazpiako proban izan dira eta hurrengo igandean, abenduaren 22an, Oñatin Gipuzkoako txapelketa dute. 

Pistan ere ederki
Donostiako belodromoko pistan ere primeran ari dira lanean Bazpiko gazteak. Gipuzkoako Trofeoko hirugarren jardunaldia izan zen abenduaren 7an eta honen ostean, Harkaitz Murillo junior mailako 3. postuan dago eta kadete mailan Luken Carballeda zazpigarrena da. Sei jardunaldi geratzen zaizkie aurretik Gipuzkoako txapelketa baino lehen eta pixkanaka Buruntzazpiko lagunak prestaketa fintzen ari dira.