Ramon Unanue zenaren omenez

jon-altuna-egitegi 2013ko abe. 1a, 14:59

Buruntzazpi taldeak antolatuta, Atsobakar auzoan Ramon Unanueren I. Oroimeneko ziklokrosa egin da gaur goizean kadete eta jubenil mailetan.

Unanue zendu berria Buruntzazpi eskolako prestatzailea izan zen eskolaren sorreratik bertatik eta oso zuen maite ziklokrosa. Normalean errepideko denboraldia prestatzeko erabiltzen dituzte ziklokroseko lasterketak Buruntzazpiko txirrindulariek, baina emaitza onak lortzen dakitela ere erakutsi dute asteburuan Atsobakarreko barruti lokaztuan. Indar handia behar izaten da pedalei eragiteko gurpilak, kateak eta galgak adartxoz eta lokatzez zikinduta daudenean. Argazkian duzuen Buruntzazpiko Xuban Razkinek irabazi du jubenil mailan eta Arrikrutz taldeko Julen Umerez eta Ruben Roqueñi sartu dira atzetik. Nesken eliteko kategorian berriz, Naia Alzola izan da garaile eta podiuma Lierni Lekuonak eta Maite Murgiak osatu dute. Kadeteetan Jon Ander Musituk irabazi du Iker Imaz eta Xabier Murgiondoren aurretik helmugaratuta. Kadete mailan neska bakarra atera da, Aroa Gorostiza. Denera 55 txirrindulari zipriztindu dira lokatzetan asteburuan estreinatu berri den proba jendetsuan. Sari banaketan Ramon Unanueren anaia Iñaxiok lore-sorta bat jaso du Xabier Carbayeda antolatzailearen eskutik. Ez da gogoan izan duten pertsona bakarra izan, Rufino Murgia Euskalteleko masaje-emailea zena ere gogoratu dute Maite Murgia alabari lore-sorta emanaz. Goian beude.