Punta-puntako pintxoak herrian

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 2a

Arrakasta handia izan du Lasarte-Oriako lehenengo pintxo lehiaketak. Herritarrak tabernaz taberna ibili dira era guztietako pintxoak dastatuz. Gehiago edo gutxiago, taberna guztiek izan dute jendetza asteburuan eta herritar askok euren bozka eman dute taberna irabazlea erabakitzeko. Aste honetan jakingo da txapeldunaren izena. "Aterpea" Merkatarien elkarteak eta Udalak elkarlanean antolaturiko ekimena izan da asteburukoa, herriko ostalaritza bultzatzea asmo zuena.

Arkupe, Avenida, Buenetxea, Galiza, Garakari, Ilargi, Insausti, Iñaki, Lasarte, Trumoi, Txampa eta Viña del Mar tabernak izan dira Lasarte-Oriako I. Pintxo lehiaketan parte-hartu dutenak. Giro polita sortu da asteburuko hiru egunetan taberna hauetan, batez ere larunbat  eta igandeko eguerdiko eta ilunabarreko poteoan. Bazkaltzera edo afaltzera joan aurretik kalitatezko mokadutxo bat hartzeko aprobetxatu baitzuten gehienek.

Pintxoak landuak, maitasunez prestatuak izan dira, Euskal Herriko jatetxe handietakoak ziruditen, baina prezio ekonomikoan.

Irabazlea erabakitzeke
Hiru egunotan herritarrak izan dira epaile lanak egin dituztenak. Jo eta su aritu dira taberna guztietako pintxoen argazkiak eta deskripzioak zekartzan papertxoan nota jartzen. Nekez ikus zitekeen 8 edo 7 baino nota baxuagorik. Tabernarien lan onaren seinale inondik ere.

Euren bozken bidez saridun gertatu den tabernaren izena aste honetan jakingo da eta 100 eurotako bi bono zozketatuko da bozkatzaileen artean. Taberana irabazleak berriz, "Aterpea" elkarteko urteko kuota izango du sari.