Intzako jubenilak Ezker hormako txapeldunorde

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 3a

Intzako jubenil mailako bikoteak lehengo igandean, Ezker Hormako Gipuzkoako finala jokatu zuen Ziotzaren aurka. Lasarte-Oriako bikoteak ezin izan zuen Zizurkilgoa garaitu, 14-22 galdu zuen.

Joxe Felix Solano entrenatzaileak aipatu digunez, Axier Arteaga eta Mikel Aranguren ongi hasi zuten partida, “5-0 eta 12-1 egon ginen. Arteagak ongi jokatu zuen aurrean eta Ziotzako bikotea ez zebilen ongi. Aurrelariak hainbat huts egin zituen”.

Tamalez Ziotzako bikotea, Labaka eta Erasun, atzean jokatzen hasi zen. Partidako pisua atzelarian jarri zuten. “Bagenekien hasiera hori ez zela erreala. Kantxan ongi jarri eta haien jokoa egiten hasi ziren, espero genuen bezala,” adierazi digu.

Era honetara, jokoan nagusitu ziren arerioak. Eta partidako lehen minutuak alde batera utzita, aurrean ere tantoak ongi bukatzen zituztela aipatu du.

Hala ere, Joxe Felix pozik agertu da jubenilek egindako lanarekin.

Hurrengo txapelketak

Intzako arduradunak aurreratu digunez, orain jubenilek atsedenaldi txikia izango dute. Baina Arteagak esate baterako, hainbat txapelketetan parte hartuko duela azpimarratu du, Billabonan Antton Pebet oroimenezkoa, Soroa Oroimenezkoa eta Bergaran 4 t’erdiko banakakoa.

Bestalde, Intzako gainontzeko lagunek abenduaren 15ean trinketeko txapelketa hasiko dute.