Afal ostean ekin zioten lanari kafea ateratzearekin batera eta goizaldeko ordubiak arte luzatu zen Lujanbio eta Arzallusen jarduna. Barakaldoko finalean osatu beharko dituzten ariketak egin zituzten: puntuka aritu ziren, hitza jarrita, hamarreko handian... Ikusleek gozatua hartu zuten punta-puntako bi bertsolariak entzunez. Nabari zen finalari begira sasoian daudela eta pieza politak oparitu zizkieten lasarteoriatarrei. Arrieskalleta elkarteak, Earra! bertso eskolak eta Ttakunek antolatutako ekimena izan zen eta arrakastatzat hartu zuten ostiraleko bertso-afaria. Sarrerak salgai jarri zituzten egunean bertan agortu ziren, bertso saio potentea egin zuten bi protagonistek, giroa bikaina izan zen eta menua honakoa: euskal txerriaren gutixiak, zerbak edo azelgak euskal erara egosiak, legatza donostiar erara prestatua eta postrerako txirikorda izozkiarekin, kafea eta kopa. Arrieskalleta elkartea arduratu zen afaria prestatzeaz. Betekada hartuta, etxerako bidea hartu zuten herriko bertsozaleek. Datorren igandeko BECtekada dute zain orain.