Partidako lehen minutuak halamoduzkoak izan dira, bi taldeek ezin izan dute euren joko onena erakutsi nahiz eta biek ala biek aukeraren bat sortu duten lehen 15 minutuetan. Esaterako, Aitor Manero Tolosako atezainaren aurrean bakarrik geratu eta baloia loratzen saiatu denekoa. Dena den, zelai erdian bi taldeek erraz galtzen zuten baloia, errazegi, eta faltak ere asko izan dira lehen minutu horietan.
Hain justu, zuzeneko falta jaurtiketa baten bidez etorri da Ostadarren lehen gola. Iker Pielagok Tolosako hesia gainditu eta eskuadratik sartu du gola. Sekulako gola. Golak lasaitasuna eman beharrean, badirudi urduri jarri dituela urdin-beltzak. Tolosa hazi egin da eta aukera dezente sortu ditu lehen zatiaren erdialdera.
35. minutua izango zen. Garrantzia handirik gabeko falta egin dute Ostadarreko erdilariek zelai erditik atzera. Tolosako atezainak baloia area ertzean jartzeko ardura hartu eta erdiko aurrelariaren kontrol orientatu bikain baten ostean baloia gurutzatu eta Tokero atezainak ezin izan du ezertxo ere egin tolosarren gola eragozteko. Halaxe hartu dute aldageletarako bidea, markagailuak banakoa erakusten zuela.
Bigarren zatiari hasiera negargarria eman diote etxekoek. Tolosak jokoaren kontrola bere gain hartu du eta noraezean ibili dira Ostadarreko mutilak bigarren zatiko lehen minutuetan.
Bere gizonen ezintasunak ikusita, Joseba Roteta Ostadarreko entrenatzaileak hainbat aldaketa egin ditu. Aitor Manero kendu du Andoni Mujikaren joko azkar eta elektrizatzailearekin zer edo zer aterako zuelakoan. Baita atera ere. Aldaketa egin eta gutxira partidak beste norabide bat hartu du. Lotsarik gabe erasora jo du Ostadarrek. Sortutako abaguneetako batean Utiel aurrelariak Tolosako defentsa zentralari izkin egin eta honek penaltia egin du. Txartel hori bat bazuenez, bigarrena ikusi eta Tolosa jokalari bat gutxiagorekin utzi du.
Utiel berak hartu du penaltia jaurtitzeko ardura, baina gaizki bota du eta Tolosako atezainak erraz antzean gelditu dio. Ikusitakoak ikusita eta partidari hordagoa botata, Roteta prestatzaileak beste hiru aldaketa egin ditu. Aizpurua Hodeiren ordez, Pani Painoren ordez eta Omar Utiel beraren ordez.
Azken minutu eroak
Azken hamabost minutuetan partida ia erabat hautsi da. Aizpurua kenduta, Painok joko zuzena lantzeko aukera gehiago ematen zuen zelai erdian eta Hodei zein Mujikaren abiadura probestu nahi izan dute hegaletan.
Painok berak ezker hegalean hasitako jokaldi eder batek ekarri du Ostadarren bigarren gola. Atzelariak atzean utzita, barnekaldia egin eta bigarren zutoinean zain zegoen Mujika baloia sareetara bidaltzeko. Artean, 8 bat minutu falta ziren neurketa amaitzeko.
Ia hurrengo jokaldian Tolosak gola egin du ordea. Eskuin hegalean partida zoragarria egin duen Tolosako jokalariak erdiratu eta zorte txarra izan dute urdin-betzek. Gartzik baloia aldentzerakoan, Tokero atezainaren bizkarrean jo eta bigarrena Ostadarrek bere atean sartu du.
Partidaren hondarrean izan du ba Painok neurketa erabakita uzteko aukera bakarkako jokaldi polit batekin. Eskuinkada bortitza emanda, baloia sareetan ikusi dute zale askok, baina atezainaren lan txukunak eta langak baloia kanpora bidali dute.
Dena den, Ostadar eta Tolosaren puntu banaketa justua izan da. Eta gora begira jarraituko dute bi taldeek, sailkapeneko ohorezko postuetan.