Harkaitz Canorekin "Twist" eleberriaz solasean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 9a

Lasarte-Oriako irakurle txokoak gonbidatu berezia izango du bihar arratsaldeko 18:30etik aurrera, Harkaitz Cano idazlea.

Literatura zaleek “Twist” nobela aztertuko dute Uxue Alberdiren laguntzaz eta idazlearekin haien hausnarketak elkarbanatzeko aukera izango dute.

"Twist" nobela

Harkaitz Canok idatzi duen eleberririk luzeenak 2012ko Euskadi saria jaso zuen. Euskal Herrian 80ko hamarkadan kokatua dago “Twist” nobela. Honetan per-tsonaia nagusiaren bi adiskide bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin dituzte  eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren kasua dakar gogora. “Pertsonaiak fikziozkoak dira, istorioa fikzioa da, baina, jakina, bai pertsonaiak eta bai istorioa 80ko hamarkadaren ispiluan jarriak izan dira, ispilu deformante batean” esan zuen 2011ko azaroan egin zen aurkezpenean. “Kasu honetan, errealitatea azpimarratzeko erabiltzen da fikzioa. Fikzioa izan daiteke ihesbide bat, baina baita errealitateari, zati errealari, indarra emateko edo azpimarratzeko modu bat eta kasu honetan hori da erabiltzen den estrategia,” azaldu zigun Euskadi Saria eskuratu ondoren, Txintxarriri eskainiko elkarrizketan.

Harrera ona
Pozik agertzen zen bai profesiokoen harrera onagatik, baita irakurleen iritziengatik ere. “Hasieratik sumatu dut jendearen aldetik beste ba-tzuetan baino interes edo inplikazio handiago bat, esango nuke 80. hamarkada oso presente daukan belaunaldien kasuan, jendeak beretik dezente jartzen du eta asko komentatzen du hamarkada horretako oroitzapenak bat datozen edo ez, edo zein neurritan. Alde horretatik asko eman didan liburua izan da,” adierazi zuen. Era berean, hainbat literatura txokoetarako deitzen ziotela aipatu zigun orduan. “literatur txoko eta solasaldi dezentetik deitu didatenez, behin eta berriro nabil dantza beraren inguruan”. Oraingoan, Lasarte-Oriako irakurle txokora etorriko da bere liburuaren nondik norakoak azaldu, herritarren galderak erantzun eta haien iritzia jakitera.

Irakurle txokoa
Bi hilabete dira irakurle txokoa martxan jarri zenetik eta hainbat dira Villa Mirentxun egiten den irakurle txokoko saioetara hurbildu diren herritarrak.
Lehengo saioan Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat” eleberriaren inguruko solasaldia burutu zuten. Idazlearekin euren inpresioak plazaratu ahal izan zituzten ondoren.
Bigarren saioan Irene Nemirovsky-ren “Dantzaldia” lana izan zen hizpide eta bihar, Harkaitz Canoren “Twist” eleberria izango da. Aurreko saioetako harrera ona espero dute antolatzaileek.