Bihar hartuko dituzte oporrak herriko eskoletako haur eta gazteek. Aste honetan hala ere, Gabonetan murgildu direla esan daiteke. Gabonetarako apainketak egin, Olentzeroren eskutitza, marrazkiak prestatu dituzte, kantak ikasi, dantzak...
Gaurkoan Landaberri Garaikoetxeakoen txanda izan da. Eskolako patioan Olentzeroren irudiarekin eta dotore-dotore baserritarrez jantzita Gabon kantak abestu dituzte guraso andanaren aurrean. Irakasleen laguntza izan dute kanta eta dantzak egiteko garaian baina ez dira lotsatu eta emanaldi polita eskaini dute. Bukeran arin-arin eta fandango doinuekin batera gurasoak gonbidatu dituzte kalejiran dantza egitera. Aipatu behar da eguraldia bat-batean aldatu dela, eta haize ufada indartsu batek ia musikarien gainera bultzatu duela apaingarri modura jarrita zegoen Olentzeroren murala. Emanaldian eten egin da momentu batez baina denen irribarren artean, ekin diote berriz ozen Olentzerori kantatzeko.
Argazki galeria eta bideoa hemen ikusgai.
Musika eskolako doinuak
Gabon doinuak entzun dira ere Manuel Lekuona kultur-etxeko aretoan. Udal Musika eskolako kideek Gabonetako kontzertu eskaini dute.
Gabon kantak, doinu ezagunak eta musikari handien lanak entzuteko aukera izan da hainbat instrumentu eta ikasleen ahotsean.
Amaieran guztiek batera Gabonetako popurri bat eskaini dute eta ikusleek abesteko auekra izan dute.