Elebeltz topagunean egingo diren ekintzen artean lehena, ikasketa feminista jardunaldiak izango dira. Lau saio desberdinetan, abenduaren 23, 27 eta 30ean eta urtarrilaren 3an, feminismoaren inguruko hainbat gai aztertuko dituzte, hala nola, historia, teoria feminista postestrukturalistak edo queer teoria.
Azken egunean, gainera jaialdi txiki bat antolatu da. Ipuinak, afaria eta musika izango dira nagusi. Lehenik Bea Egizabal Kontu Kantoiko kidearen emanaldia izango da eta afal ostean, Eneritz Furyak Kasernarat taldeko abeslariak kantaldia eskainiko du.
Ikasketako saioak arratsaldeetan 18:00etatik 21:00etara izango dira topagunean. Ikasketetan parte hartu nahi duenak izena eman behar du elebeltz@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz.
Beste ekintzak
Bestetik aipatu legez, Elebetz topagunean beste ekintza batzuk ere burutuko dira aste hauetan.
Abenduaren 28an, 20:30etik aurrera, Fabrimusikala jaialdia antolatu dute. “Cohen”, “Can´t Explain”, “Gabezia”, “Yaw” eta “More Jaia” taldeen emanaldiaz gozatu ahalko da. Ostean, DJ-en saioa izango da.
Zineak ere bere txokoa izango du egitarau honetan eta urtarrilaren 2an, Pedro Larrain txiletarraren “No” filmaren emanaldia izango da.
Hau guztiaz gain, abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra, 17:00etatik aurrera “Elebeltz. Urte bete utzita zegoena berreskuratzen” argazki erakusketa ikusgai izango da topagunean bertan.