Brontzezko judokak

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 18a

Lehengo asteburuan LOKEko judokek bi hitzordu garrantzitsu izan zituzten. Batetik Haritz Urdangarin kadeteak Espainiako Kopako jardunaldia izan zuen Iruñean larunbatean eta bestetik, igandean seniorrak Euskadiko txapelketan lehiatu ziren. Larunbatean zorterik izan ez bazen ere, Euskadiko txapelketan aurkeztutako hiru judokek brontzezko domina eskuratu zuten.

Asier Sagasti, Josu Olmos eta Mario Garrido LOKEko judokak igandean Euskadiko txapelketan podiumeko azken mailan izan ziren.

Gorka Aristegi entrenatzaileak azaldu zigunez, Asier Sagastik ez zuen lehiaketa ona egin. Finalaurrekoa galdu eta bigarren aukeran hirugarren postua eskuratu zuen.

Josu Olmosek berriz, lan ederra egin zuela azpimarratu du LOKEko entrenatzaileak. “Lehen borroka erraz irabazi zuen, finalerdi gogorra galdu eta azkenean hirugarren izan zen”

Mario Garridok ere finalerdi gogorra izan zuen. Azkenean galdu eta bigarren aukeran “erraz irabazi zuen brontzea borroka polita eginez”.

Espainiako kopa

Iruñean, berriz, Espainiako kopan Haritz Urdangarinek aukera gutxi izan zuela adierazi digu LOKEko enrenatzaileak. “Madrildar baten aurka lehen borroka galdu eta ez zuen bigarren aukeran sartzeko aukerarik izan”.