Urte berriarekin batera hainbat ekintza egiteko helburua jarri ohi da, kiroldegira joan, hizkuntzak ikasi... Zergatik ez jostungintzan trebatu? Ttakun kultur elkarteak azken urteetan, antolatzen duen euskal jantzi tradizional ikastaroa oinarri hartuta, “Titare” jostungitza taldea sortuko du ohi bezala Jone Artola jostunaren gidaritzapean.
Ttakuneko arduradunek azaldu dutenez, euskaraz harremanak sustatzeaz gain, taldearen helburua herriko elkarte edo taldeek jantzigintza alorrean izan ditzaketen beharrak asetzea izango litzateke, hala nola, Inauteriak edo Santa Ana Parodiarako jantziak egin edo konpontzen.
Talde honek urtarriletik aurrera, udalaren elkarlanari esker, ostegunetan 15:00etatik 17:00etara Lasarte-Oriako emakumeen zentroan egingo du lan. Herritarrak honetan parte hartzera gonbidatzen ditu kultur elkarteak. Titareko kide izateko, Ttakuneko bulegoan edo 943 371 448 zenbakian izena eman beharko da aurrez, urtarrilean lehenengo saioa 9an izango da, ostegunez.