Gazteen %94,4k ulertzen du euskara

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 16a

Lasarte-Orian euskarak izan duen bilakaeraz hausnartu nahi izan dugu udaleko euskara zerbitzuak kaleratu berri duen "Euskara eta Gazteak Lasarte-Orian III" azterketaren harira. Azken 50 urtetan egoera asko aldatu dela diote zaharrenek. Ez da zaila ordea, Lasarte-Oriara etorritako bizilagun berri guztiekin euskara apenas entzuten zen kaleetan, abiapuntua hau izanda gertatu den aldaketa izugarria izan da. Besteak beste, herriko bi eskoletan egun D eredua da nagusi eta 13 eta 24 urte bitarteko lasarteoriatarren ia gehiengoak euskaraz ulertzen du. Belaunaldi eta perfil ezberdinetako herritarrengana jo dugu euskararekiko euren esperientzia kontatzeko.

Euskara erabileraz mintzatu dira hainbat herritar.  Ikastolaren sorrera bul-tzatu zuen egoera hartatik gaur egun arteko ibilbidean  kokatu ditugu herritarrak.    Azterketak familiak euskararen transmisioan duen garrantzia frogatu du. Gazte garaian hitz egiten al zuten/dute euskaraz? 

Pako Aizpitarte
1960-65 artean Lasartera etorri berria zen. Herriko apaizetako bat izan zen eta ikastolaren sorrera mugimenduan guztiz murgildu zen.
Lasartek, Oria barne, 3.500 biztanle izango zituen. Horietatik zati handi bat bertakoak ziren. Etxetan gurasoak euskaraz bazekiten eta euren artean hitz egin zuten. Baina seme-alaba askok ez zuten behar bezala ikasi etxean euskaraz batere hitzegiten ez zelako, etxean askotan gurasoak euskaraz eta seme-alabak erderaz aritzen ziren. Kalean  gazteek ez zuten euskaraz ezertxoere hitz egiten ez eskolan, ez tabernetan, ez golfera joaten zirenen artean, ez kirola egiterakoan…

Kanpotik etorritakoen artean bi multzo zeuden, Lasarte inguruetatik etorritakoak (Igeldo, Usurbil, Orio, Aia, Larraul, Asteasu…) hauek etxean oso ondo gorde zuten euskera baina gazteak giro zeharo erdalduna aurkitu zuten herriko eskoletan, tabernetan, kuadrilletan. Bestalde, Euskal Herri kanpotik etorriak. Hauek hizkuntza aldetik ez zuten problemarik ez etxean ez kalean. Etxean  familiak ekarritako hizkuntza berdin jarraitzen zuen han edo hemen. Kalean ere gazteek ez zuten problemarik.Eskolan dena beren hizkun-tzan zen, elizan, herriko administrazioan etab.

Egoera honek bultzatuta hasi ginen euskara suspertuko zukeen dena martxan jartzen: mendizaleak, txistulariak, dantza taldeak... eta une horretan ametsa zirudien Ikastolaren oinarriak jartzen hasi ginen, andereñoa eta tokia bilatu baita Ikastolara joango ziren haurrak bilatzen ere. Egindako esfortzu hark egungo egoerara iristeko bere aletxoa jarri zuela uste dut.

Juanjo Erauskin
Ikastolako lehenengo urteko ikasle horietako bat izan zen Juanjo. 
Ikastola sortu zenean nik 4 urte nituen, eta etxean eta ikastolako kideekin euskaraz egiten nuen beti. Hala ere, nere ustez kalean ez zegoen euskal girorik, gaztelera zen nagusi ia esparru guztietan.
Ikastolaren sorreratik urte batzuk pasata ere, Lasarte-Orian, kaleko giroa erdalduna  zela esango nuke. Gu dagoeneko gazteak ginen eta ikastolako lagun eta senideekin euskaraz egiten genuen arren, orokorrean, gaztelera zen hizkuntza erabiliena. Gure artean aipatu bezala, beti euskaraz hitz egin genuen kalean ere. Etxean ere euskaraz egiten genuen guk baina gaztaroan egia da kaleko kuadrillan zailagoa zela euskaraz egitea. Askok ez zekiten euskaraz eta azkenean gaztelerarako joera hartu genuen. Egun herrian euskara erabiltzen dela irudi-tzen zait eta egoera bestelakoa da.

Natalia Nogales 
35 urteko herritarraren kasuan, giro erdaldunetik abiatu  eta euskaraz bizitzera pasa zen.
Gazteetan ez nuen euskaraz hitz egiten. Nire giroa erdalduna zen guztiz. Etxean, lagunak... Hezkuntzan egin nahi nuen lan eta geroz eta garrantzia gehiago hartzen ari zen orduan euskara. Hala ere, B ereduan ikasi nuen eta 16 urterekin haurrekin ibiltzen nintzen begirale. Beraiekin euskaraz, eskolan ikasitakoa erabiltzen nuen inongo beldurrik gabe.

Lagunen artean ordea, gazteleraz egiten genuen. Eskolan ere ez nuen egiten, beraz, erreza zen esatea: “ez dakit euskaraz“. Oso garrantzitsua iruditzen zait zein gogotsu egin zuten lana garai hartan Pablo Garaikoetxea eskolan zeuden irakasle pila:  Rosa, Josean, Marije... Disfrutatzen genuen euskaraz!  Etxean esan bezala, erderaz hitz egiten genuen, nire gurasoak Extremadura eta Palentzikoak dira baina beti euskararekiko jarrera oso baikorra izan dute. Oso garrantzitsua iruditzen zait  etxetik mezu baikorra jaso izana. Ahalegina  egin zuten anaia eta biok euskaraz jakin genezan. Gaur egun berriz, etxean euskaraz egiten dugu. Senarraren familia euskalduna da eta euskara dute ama hizkuntza. Hasieran gogorra izan zen niretzat, batzuetan ez nuelako ondo ulertzen, baina gaur egun ez naiz damutzen nire burua euskaraz aritzeko behartu izanagatik.

Gazte garaian ikastolara joaten zirenak euskaraz egiten zuten, edo behintzat ala  iruditzen zitzaidan niri. Orain orokorrean gehiago erabiltzen da. Zorionez, A eredurik ez dago eta asko laguntzen du. Denek dakite euskara. Kalean gazte kuadrilla asko entzuten da euskaraz hitz egiten. Herrian dauden gazte talde asko euskaraz bizi dira. Ni egun euskaraz bizi. Haurrekin eta familiekin egiten dut lan eta egun bezeroen %99 euskaraz bizi diren familiak dira.

Naiara Mujika 
26 urteko gazteak etxean bi hizkuntzak izan ditu eta batez ere euskara erabiltzen duela aitortu arren, zailtasunak onartzen ditu lagun kuadrillan gaztelerara jotzeko ohitura kentzeko ahaleginean.
Nire egunerokotasunean euskara dut nagusi baina baditut gazteleraz hitz egiteko ohitura dudan pertsonak. Oro har, lanean euskaraz aritzen naiz beti eta nire aisian berriz, elebiduna naizela esango nuke.
Lagunei dagokionez ere, denetariko errealitateak ditut nire alboan. Arraroa badirudi ere, nire kuadrilla guztiak gure formazio guztia euskaraz jorratu dugun arren, ez dugu beti euskaraz egiten. Egia esateko, gazteleraz aritzeko joera gehiago izaten dugu. Nahiz eta askotan gure buruari hizkuntza ohitura hau aldatzea planteatu diogun konturatu gara erroturiko gauzak aldatzea ez dela hain erraza. 
Nire etxeko hizkuntza elebiduna da. Hala ere, komunikazioa bermatzearren gaztelania nagusitzen dela esango nuke. Etxeko egoera kalekoarekin alderatu ezkero, nire hizkuntza erabileran ez duela inolako eraginik izan pentsatzen dut. Azkenean, bai euskeraz eta bai gazteleraz primeran moldatzen naiz eta ez dut bata edo bestea erabiltzeko inolako arazorik. Orokorrean, Lasarte- Orian euskara entzuten dela esango nuke. Ez naiz gehiago hitz egiten dela esatera ausartzen, nire inguruko gazteriaren hizkuntza ohitura euskara izan badaiteke ere, ideia hori herri mailan orokortzea gehiegitxo irudi-tzen zait. Baina, bagara nahi hori daukagun eta hortan dihardugun batzuk eta ziur nago saiakera hauek bere fruitua izango dutela.

Paula Uli 
16 urteko gazteak euskaraz ikasi eta ia esparru gehienetan euskaraz mintzatzen da etxean izan ezik. 
Lagunekin betidanik euskaraz hitz egin dut. Txiki-txikitatik egon gara elkarrekin eta beti egin dugu euskaraz. Nere etxean ordea, gazteleraz hitz egiten da. Nere aitona-amonak ez dira Euskal Herrikoak eta horregatik nere amari ez zioten euskaraz egiten. Nahiz eta nere aitak euskaraz hitz egin, etxean gazteleraz hitz egiten da. Nere amak egun ia dena ulertzen du euskaraz baina, hitz egiteko garaian ez da ondo moldatzen.  Nik uste dut gaur egun  herrian euskaraz hitz egiten dakien jende asko dagoela, baina gero, kalean lagunekin erabiltzerakoan gazteleraz egiten dela asko. Nik esango nuke euskera zertxobait gehiago erabiltzen dela baina oraindik gehiago egin beharko genuke.