Kulturartekotasuna Gabonetan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 16a

Udala herriko elkarteekin antolatu du Aniztasunaren astea abenduaren 21etik 28ra. Honen baitako ekin-tza guztiak Okendon jarriko den karpa batean egingo dira. Munduko gastronomia, dantzak eta musikak izango dira besteak beste egun hauetan protagonista. Herritarrei parte hartzeko deia egiten zaie udaletik.

Aniztasunaren astean hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango da. Egitarauaren barruan sartu dira ohiko hitzorduak diren Ttakunek antolatzen dituen Santo Tomas jaia eta Olentzeroren etorrera jaialdia baina badira ekintza berritzaileak ere. 

Abenduaren 22an, Sasoeta-Zumaburu eskolako gurasoek gizonentzat futbol partida antolatu dute kiroldegian 11:00etan eta emakumeentzat boleibol norgehiagoka 10:00etan. Egun honetan Sendoki elkartearen eskutik Gabonetako azoka berezia 11:00etatik aurrera izango da. Honetan herriko denden, zein artisauen produktuak eta elikagaiak erosteko aukera izango da. Karpan 12:00etatik 14:00etara Banaiz Bagararen Banaiga musika egitasmoarekin musika eta kantu emanaldia izango da ere. Abenduaren 23an, 16:30ean Ostadarrekoek antolatuko dituzte ekintzak. Ohi bezala herri kiroletan aritu ahal izango dira etxeko txikiak baita gurasoak hala nahi badute. Jarraian, 19:30ean Lasarte-Oriako aniztasunari buruzko “bideo parte hartzailearen“ emanaldia eta kultur arteko topaketetako bideoaren proiekzioa izango da.

Munduko gastronomia
Abenduaren 26, 27 eta 28an haur zein helduek herrialde ezberdinetako sukaldaritza ikastaroa egin ahal izango dute. 
Ostegunean, abenduak 26, 10:00etatik 11:00etara Nikaraguako sukaldaritzan trebatu ahal izango dira umeak 11:30etik 13:00etara berriz, helduen txanda izango da. Ostiralean txikiek sukaldaritza italiar ikastaroa egin ahal izango dute eta helduek Mexikoko jakiak prestatzen ikasi ahal izango dute.  Larunbatean ordea, Afrikako sukaldaritzaren txanda izango da. 

Helduek 5 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko eta umeek 2,5 euro. Aurrez izena eman behar da gastrokulturala@gmail.com-era mezua bidalita. Ostegun eta ostiralean, 18:30etik 22:00ra nazioarteko pintxoak dastatzeko parada izango da eta larunbatean pintxoekin batera, egun honetan 12:00etatik. 14:00etan, Mikel Bermejoren bakarrizketa egongo da. 
Ostiralean, 27an, “Gu, jatorri  anitz, herri bat” dokumentalaren proiekzioa izango da karpan arratsaldean. Larunbatean 12:00etatik 14:00etara Eliza evangelikoaren txanda izango da. Hauek euren kantu, musika eta kultura emankizuna egingo dute Okendoko karpan, 16:00etatik goizeko 1:00ak bitarte Xpressionk-ek antolatutako munduko musika desberdinez osatutako kontzertuak egongo dira. Egun honetan bertan 20:00etan, Aniztasunaren ekitaldi berezia egingo da eta Kukuka dantza taldearekin soka dantza.