Kolore txuri-urdineko derbia

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 14a

Liga erregularreko azkenaurreko partida zuten gaur arratsaldean Texas eta Ostadarrek. Txuri-urdinak nagusi izan dira hasi eta buka. Lehenengo ordu laurdenean hartu duten bi goleko abantailak arnasa eman die Txema Encinasen mutilei eta Ostadarrek ezin izan du markagailua irauli.

Derbiak beti izaten dira ikusteko eta jokatzeko politak, partidako hiru puntu soilez haratago, herrikideari irabaztearen ohorea ere jokoan egoten delako.
Gaur arratsaldeko neurketan Texas Lasartearra izan da jaun eta jabe. 10. minuturako txuri-urdinak abantaila hartua zuten Reciok korner bat buruz indartsu errematatu ostean. Bi minutu eskasera, Sergio Pelaezek eskuinetik egindako barnekaldi polita Unai Noriegak probestu du markagailuan 2-0ekoa jartzeko.
Hortik aurrera, lehen zatiko hondarreko minutuetan batez ere, Ostadarrek apenas eduki du baloia eta jokoaren kontrola Texasena izan da erabat. Aipagarriak Txurdi Ostadarreko atezainaren geldiketak. Taldea aldageletara bizirik eramatea lortu baitu bere lan onak.
Bigarren zatiari suspertuago ekin diote Belartietaren mutilek. Lehen ordu laurdena betetzear zela Unai Ituartek gola egin du Urtzik ahoko zuloan utzitako baloia bultzatuz.
Gutxi iraun die pozak. 60. minutuan penaltia egin eta Sergio Garciak 11 metroetatik ez baitu barkatu. 
Hiru puntuak Texasentzat izango ziren zalantza zalantza izpirik bazegoen, Sergio Garciak bera berak uxatu ditu partida amaitzeko 10 minutu falta zirela Diezen erdiraketa maisuki baliatuta.
Joseba Rekondok txukundu zuen markagailua Ostadarrentzat zuzeneko falta jaurtiketa bortitz batez baloia sareetan ipiniz. Azken emaitza, 4-2koa Texas Lasartearraren alde.

Ges-en babesa
Bestalde, Ostadar Saiarre Kirol Taldeak eta Lasarte-Oriako Ges Aseguruak beste denboraldi baterako hitzarmena sinatu dute. Hau da, Ges Aseguruak beste urte batez, jada zortzigarrena, Ostadarreko gazteen taldea babestuko du.
Bi entitateek Ges Aseguruak bulegoan, Pablo Mutiozabal 2.zenbakian, sinatu zuten hitzarmena. Ostadarreko ordezkariek pozik daude sinatutako hitzarmen honekin, “Ges Aseguruak eskaintzen digun laguntza ezinbestekoa da. Ges gazteen taldeko babeslea izan arren, aldi berean, Ostadarrek burutu nahi duen kirol egitasmoari laguntzen baitio. Modu batera edo bestera, herriko hainbat enpresa eta merkatari ari zaizkigu laguntzen. Hauei ere eskerrak eman behar dizkiegu gure egitasmoan sinisteagatik eta urtetik urtera gurekin jarraitzeagatik”.