Gaur arratsaldean, LOKEko atletismo saileko lagunek haien pista estaliko lehen proba izango dute. “Lehen proba honek haiek duten txapelketa gogoa husteko balioko du. Irailetik entrenamenduetan dabiltza eta txapelketetan lehiatzeko egunak kontatzen ari dira batzuk,“ azaldu du Oskar Goikoetxea entrenatzaileak. Asteburu honetako txapel-keta proba bat dela adierazi du, “Agian batzuk gutxieneko marka egin dezakete Espainiako txapelketetarako. Baina gehienei motorra martxan jartzeko balioko die“. Gainera, atleta gehienek, hamabost bat, parte hartuko dute parte hartze libreko saio honetan eta “batzuentzat lehen proba izango da maila honetan“ aurreratu du.
Taldea handitzen
Izan ere, kadete talde berria du LOKEK eta honek atleta taldea handitzen du. “taldearekin oso gustura gaude. Gainera, infantil mailatik igo da neska talde bat,“ azaldu du. Hala ere, “batzuk ez dute txapelketetan parte hartu nahi. Baina hemen egotea guretzat garrantzitsua da. Kirola egiteko datoz eta ez dute huts egiten“.
Espainiako txapelketak
Beste mailetako atletei dagokionez, “nire ustez atleta askok dute aukera aurrean egoteko eta iaz baino hobeto ibili beharko lirateke,“ aipatu du. Era berean, helburua martxoan izango den Espainiako txapelketa dela aurreratu du. “planifikazioa martxoan ongi egoteko egin dugu. Kadete mailatik gora, gehienek Espainiako txapelketan egoteko aukerak dituzte. Beraz, helburu horretarako ari dira prestatzen“. Baina arazoak izan dituzte lesioekin aurredenboraldi honetan, “Periostitisa, oinekin arazoak,... Ez dira lesio larriak baina aste bat edo bitan entrenatzeari utzi behar izan diote eta horrek planifikazioa atzeratzen du“. Azkenik LOKEko entrena-tzaileak onartu duenez, “Maila altuetan dabiltzanak emaitza onak lortzea gustatuko litzaiguke, egin duten lanaren eta esfortzuaren saria izango bailitzateke. Batzuk bost egunetan entrenatzen dute. Haien helburua Espainiako txapelketa edo finalista izatea izan daiteke eta hori egia bihurtzea gustatuko litzaiguke, ez klubaren onurarako, haien onurarako baizik, egiten duten lana handia baita“.