Aniztasun astea aurkeztu da

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 11

Lasarte-Oriako herriko hainbat elkarteren laguntzaz Aniztasun Astea antolatu du. Abenduaren 21etik 28ra Okendo plazan jarriko den karpa erraldoian Lasarte-Orian dagoen aniztasuna islatzen duten milaka ekitaldi izango dira.

Gaur eguerdian, Lasarte-Oriako Udalak eta hainbat elkartek abenduaren 21etik 28ra Okendo plazan egingo den Aniztasun astearen aurkezpena egin dute.

Lasarte-Oriako alkateak Pablo Barriok azaldu duenez, "hainbat elkarterekin elkarlanean aritu gara, "aniztasun sare" bat eratze aldera. Orain, egiten ari garen lan hau guztia azaleratzea nahi dugu, eta bizi garen errealitate anitz hau batzuetan saihesten duguna, argitara agertzea, elkarbizitza hobetuko duten lokarri berriak sortzeko". Horretarako, Aniztasun Astea ospatuko da

Egitaraua

Lasarte-Oriako Udalak Okendo plazan karpa erraldoi bat jarriko du eta honen baitan elkarteek antolatutako ekintzetaz gozatu ahalko da. Honela, abenduaren 21ean eta 24an arratsaldean, Ttakun elkarteak antolatutako Santo Tomas azoka eta Olentzeroren etorrera jaialdia izango dira. Abenduaren 22an egun osoz, berriz, Sendoki elkartearen eskutik Gabonetako azoka izango da. Honetan herriko denden, zein artisauen produktuak eta elikagaiak erosteko aukera izango da. Gastrokulturala ekimena izango da ere abenduaren 26tik abenduaren 28ra. Steps-en eskutik herritarrek txiki, zein helduek beste gastronomietako errezetak ikasi edo Lasarte-Oriako aniztasunean oinarritutako pintxoak dastatu ahalko dituzte.

Musikak ere izango du bere lekua. Abenduaren 28an, Xpression-ek antolatuta eguerditik gaueko ordu batak arte, hainbat nazioetako musikarien kontzertuak entzuteko aukera izango da. Hau guztiaz gain, abenduaren 28an, arratsalde partean, "Anitzen sarea" osatzen lagundu duten elkarte guztiak batzen dituen elkitaldi bat egingo dela ere aurreratu dute.

Ekintza gehiago zehazteko

Hala ere, Udal ordezkari eta "Anitzen sare"-ko Markel Ormazabalek aurkezpenean azaldu dutenez, hauek ez dira egun hauetan egongo diren ekintza bakarrak izango. Herriko beste elkarte batzuk ere, Sasoeta-Zumaburu guraso elkarteak, Lasarte-Oriako sahararrek, Ostadar kirol elkarteak... bere harritxoa jarriko dute egitaraua osatzeko.

Gainera egitaraua irekia dagoela jakitera eman dute, "elkarteen proposamenak biltzen ari gara oraindik eta egitaraua ahalik eta azkarren lotzea espero dugu".