Erasoak gaitzetsi ditu udalbatzarrak

maider-azurmendi 2013ko abenduaren 10a

Ohiko udalbatzarra izan da gaur eta bertan eztabaidatutako gaien artean, PPk aurkeztutako mozioa egon da. Honetan euren egoitzetan eta hiri altzarietan zenbait herritan gertatutako erasoak salatu ditu. Bilduk gai beraren inguruan beste mozio bat aurkeztu du "ikuspegi globalagoarekin" eta biak onartu dira.

Giza eskubideen aldeko aitortzarekin hasi du Pablo Barrio alkateak ohiko udalbatzarra. Nazioarteko Giza eskubideen eguna izaki, alkateak hauen aldeko testua irakurri nahi izan du, "gizaki guztiok eskubide hauen jabe gara" azpimarratuz. Jarraian gai ordenari ekin diote. Gaurkoan PSE-EE taldeko Nerea Artamendi falta izan da.

Lehenengo puntua aurreko bilkuren aktak onartu behar izan dituzte alderdiek. PSE-EEko Jesus Zaballosek hitza eskatu eta adierazi du urriaren 4ko batzarrarekin "ez gaude ados, ostiral batean ez ohiko deialdi bitartez egin zen udalbatzarra eta asteartean ohikoa genuen, halakoetan uste dugu ez zela beharrezkoa". Hala ere, argi utzi du akten edukiarekin ados dagoela talde sozialista.

Hurrengo puntuan EAJk Euskararen egunaren harira aurkeztutako emendakina izan da eztabaidagai. Hainbat konpromiso hartzeko eskatu da honen bidez, besteak beste “herritarren eskubideak bermatzea eta defendatzea gizarte aurreratu eta demokratikoen ezaugarri nagusietakoa den heinean, gure udalak bermatu eta defendatu beharreko euskara gero eta gehiago udal honetan lan hizkuntza izateko, udalean euskararen erabilera sustatuz eta bermatuz, alkate eta zinegotziek euskararen erabileraren aldeko jarrera erakutsiz, eta euskaraz jarduteko gai diren herri-langileek beren lanean euskararen erabilera areagotuz”. Baita euskara sustatzeko ekimenak gauzatu eta sustatzeko konpromisoa hartu da ere. Alderdi guztiek aldeko bozka eman dute.

Erasoen aurka

Vanessa Velez PPko zinegotziak aurkeztu du euren egoitzetan eta hiri altzarien aurka gertatutako erasoei buruzko emendakina. Bilduko zinegotziek abstentzioaren alde egin dute eta gainontzekoek mozioa babestu dute.  Aldi berean, Bilduk urgentziazko mozio bat aurkeztu du gaiaren inguruan "ikuspegi globalago bat behar duela uste dugu".

Horrela Nerea Sanchezek, gainontzeko alderdiek urgentziazkotasuna onartuta, irakurri du mozioa, “azken asteotan izandako indarkeria gertakizunen aurrean, besteak beste PP alderdi politikoaren aurkako Barakaldoko erasoa, presoen senideek zenbait espetxe atarietan jasotako erasoak, ondoko adierazpena egiten dugu: Lasarte-Oriako Udaleko Batzarrak Giza Eskubideen urraketa suposatzen duten gertakizun horien aurrean bere kontrako jarrera argia adierazten du eta era berean adierazten du indarkeria adierazpen horiek erabat zentzu gabekoak direla gaur egun Euskal Herriak bizi duen egoera kontuan hartuz. Lasarte-Oriako Udaleko Batzarrak berrestu egiten du Udal honek askotan adierazitako Giza eskubide guztien aldeko apustua eta giza eskubide guztien errespetua ezinbestekoa dela adierazten dugu; zentzu honetan Giza eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatzen dugu”.

PPko zinegotziak aipatu nahi izan du bere alderdiak bat egin zezakeela testuarekin "baina sarreran hainbat eraso maila berean jartzen dira eta ez zait iruditzen parekatu daitezkeenik". PP eta PSE-EE abstenitu egin dira baina gainontzekoen aldeko bozkarekin onartu da mozioa.

Ez da alderdien aldetik galderarik egon baina Ricardo Izagirre herritarrak Lasarte-Oria izenetik Oria kentzearen beharraz jardun da udal ordezkarien aurrean.