Gabonetako argi gehiago

maider-azurmendi 2013ko abenduaren 9a

Udala eta Aterpearen elkarlanari esker herriko kale gehiagotan egongo dira aurten Gabonetako argiak. Eguerdian agerraldia egin dute udal ordezkari eta Aterpeakoak elkarlan honen berri emateko. Aurten aurrekontua 16.000 euro ingurukoa izan da.

Aterpea herriko merkatarien elkartearen eta udalaren ekimenez aurten Gabonetako argi gehiago izango dira Lasarte-Oriako kaleetan.

Aterpearen izenean Ramon Ormazabalek azaldu moduan, argi gehiagoren beharra ikusten zuten herriko ostalari eta merkatariek. Horrela gaia udalarekin izandako bileretan landu zuten eta bi aldeen esfortzua merezi zuela iritzita Jaurlaritzak Merkagune programaren bitartez eskaintzen duen diru-laguntza eskatu zuen Aterpeak udalaren bermearekin. Azkenean, laguntza lerro horri esker jasotako dirua eta udalaren aurrekontua gehituz argi gehiago alokatzea lortu da.

Aurten 16.000 euro inguru gastatu dira argiztapenean. Kontsumo baxuko led argiak direla aipatu du Ana Prieto udal Zerbitzuetako batzorde buruak "kontsumoa udalak asumituko du". 

Argi gutxi jarri diren urte hauetan herritar askoren eskaera izan da, "Gabonetako argi gehiago nahi zuen jendeak. Udalak bere aldetik, krisi ekonomiko garai honetan dirua beste arlo batzuetara bideratu nahi izan du". 

Birziklapena

Prietok datorren urtera begira beste apaingarri mota batean pentsatu daitekeela esan du "herri askotan material birziklatua erabilita apaingarriak egiten ari dira eta aukera polita izan daiteke herritarrekin batera horrelako ekimen bat gauzatzea".

Aterpeak bere aldetik, herriko komertzioa dinamizatzeko beste kanpaina batzuk martxan jarri dituela ere azaldu du Ormazabalek saskien zozketa besteak beste. "Gabonei lotuta egiten den kontsumoa herrian gera dadila nahi dugu". Herritarrei Lasarte-Oriako dendatan erosteko deia luzatu nahi izan die. Gainera datorren urtean argiak beste auzo batzuetara iristeko ahalegina egingo dela adierazi du.

Dioni Avila merkataritza alorreko udal teknikariak elkarlan honek duen garrantzia azpimarratu nahi izan du agerraldian. Hirugarren sektorea da nagusi Lasarte-Orian eta hau zaintzeko ahalegin berezia egin behar du udalak krisi garaian.

Ofizialki gaur 17:30ean piztuko dira argiak eta 00:00ak bitartean hala egongo dira egunero Errege eguna pasa arte.