"Familia da euskararen fabrika emankorrena"

maider-azurmendi 2013ko abenduaren 9a

Euskararen egunaren aitzakitan, Manuel Lekuona kultur-etxean, 2012an hirugarrenez, adin-talde bereko gazteekin egindako ikerketaren berri eman zuen Lasarte-Oriako udaleko euskara batzordeak, Pello Jauregi ikerketa eta liburuaren egilearekin batera. 20 urte pasa dira lehenengo ikerketa egin zenetik eta “oso esanguratsua da egoera nola irauli den” Iñaki Arrutik azaldu zuen bezala. Jauregik azaldu ditu azterketa honen ondorio nagusiak. Bere ustetan baikortasunerako emaitzak dira. Batez ere azterketak kale neurketen emaitzen joera erakusten duelako.

Pello Jauregik egindako azterketan  ondorioztatu da 13-24 urteko gazteetatik %94,4k oso ongi edo nahiko ongi ulertzen duela euskara egun Lasarte-Orian. D ereduaren egonkortzearekin %30 da euskararen erabilera informala. Jauregiren ustetan jauzi bat emateko baldintza guztiak daude euskararen erabilera handitu dadin. Urte beteko lana izan da ikerketa eta 13 eta 24 urte arteko 162 gaztek osatu dute lagina.

Nolatan azterketa hau egiteko proposamena?
Proposamen honek historia luzea du. Udalaren ekimena da, duela 20 urte lehenengo azterketa egin zen, duela 10 bigarrena eta 2012an hirugarrena egin dugu. Helburua denboran zehar ikerketa egitea da ikusteko zein bilakaera dagoen herrian eta datu bilduma finko bat osatzeko. Nolabait esateko termometroa jartzen da hamar urtean behin euskararen tenperatura zein den ezagutzeko. 
Lehenengo urtean Jose Mari Iraolak egin zuen, 2002an beka bidez egin zen deialdia eta nik eskuratu nuen eta oraingoa ere niri eskatu zidaten egitea azterketa. 

Zer aztertu da zehazki? Modu honetako beste azterketarik egin al duzu?
Egia esan gehiago ibiltzen naiz azterketa kualitatiboak egiten. Horrelakoak beraz Lasarte-Oriakoak dira landu ditudanak. Jaurlaritzatik azterketa orokorrak egiten dira  baina beste herrietan ez omen da halakorik egiten. Aitzindari izan daiteke Lasarte-Oria esparru honetan. Aztertu da 13 eta 24 urte arteko herriko gazteen artean euskararen erabilera zein den. Horretarako aurreko azterketetan jarraitutako metodologia baliatu dugu eta galdeketa bera. Aipatu behar da jasotakoak datuak aitortuak direla. Hala ere, azken kale neurketarekin alderatuta joera bera erakusten dute bi azterketek beraz sinesgarritasun maila altua du lanak. 

20 urte hauetan Lasarte-Oriako gazteen artean euskararen presentzia handitu da. Zein faktorek eragin dute aldaketa?
20 urtetan handitu egin dira hizkuntza adierazle guztiak  Lasarte-Orian. Poliki-poliki etorri da. Horrela euskara gaitasuna, erabilera, hizkuntzarekiko atxikimenduak gora egin du. Bestalde, eskolan D ereduaren orokortzea gertatu da, guraso euskaldunen kopuruak gora egin du, eta herrian euskaraz egiten diren dinamikak ugaritu dira.Faktore guzti hauek eragiten dute emaitza aldaketan.

2002ko emaitzak ez ziren hain onak...
Egia da bai, 2002tik 2012ra aldaketa handiagoa nabaritu dugula lehenengo azterketa hartatik bigarrenera baino.Hau azaltzeko hipotesietako bat da etxearen eragina, gurasoen eragina hain zuzen. 
Kontutan izan behar da orain aztertu ditugun gazteen gurasoak Frankismo bukaera eta trantsizio hasierakoak direla. Hauek jaso zuten garai haietan Euskal Herrian bizi zen euskararekiko ilusio sozial guztia eta horrek eragina izan du euren hizkuntza portaeran.

Hori eragin gehigarri bat izan da haien seme alaben euskararekiko atxikimenduan eta jokaeran. Guraso horiek gainera soziologikoki, lehenengo belaunaldia dira Lasarte-Orian jaio direnak, etorkinen seme-alabak izan arren, euren erreferentzia kulturalak hemengoak dituzte.

Ama hizkuntza zein den eragina duela frogatu duzu...
Afektibitateak garrantzia handia du hizkuntzan. Hala ere, ikusi da lehen amaren eragina handiagoa zela aitarena baino, hau da soilik aita euskalduna zenean euskararen transmisioa ez zegoen bermatuta eta ama zenean bai. Orain orekatu egin da hori hizkuntzari dagokionez. 

Etxeak du garrantzia?
Bai hori da. Belaunaldi berrien hizkuntza jokaera ulertzeko batez ere ulertu behar da haien sozializatzaileen, gurasoen, jokaera zein  den. Horretan aldaketa handiak ikusi ditugu eta gurasoen eragina islatzen da gazteengan. 


Eskolaren eragina txikitu al da?
Egun D eredua orokortuta dago Lasarte-Orian. Datuek erakutsi dute atzetik familia euskalduna badago, 10etik 9k oso ongi hitz egiten dutela, eta 10etik 6k joera daukala euskaraz hitz egiteko. 
Ahatik, D ereduaren atzetik familia ez dagoenean asko aldatzen dira emaitzak, 10etik 3k lortzen du soilik euskaraz ondo hitz egitea eta 10etik 2k erabili, hitz egiten dute.  
Eskolak bakarrik sozializa-tzaile bezala askoz ere indar gutxiago du. Dagoeneko eskolak eman du eman beharrekoa. Liburu bukaeran egiten dugu galdera, egun D eredua %100ean eta hala ere erabilera %38koa bada, nola iritsi erabileraren %60ra? Eskolak dagoeneko ezin du gehiago egin.

Beste fenomenorik azaleratu al da?
Kasu askotan inflexio puntu batzuk ikusten ditugu. Tendentziatik atera eta beste fenomeno bat agertzen da. Ikusten da guraso bakarra euskalduna izan edo biak nabarmen eragina duela gaitasun, erabilpenean etab. Berdina gertatzen da gaitasunarekin. Oso ondo hitz egin edo nahiko ondo hitz egitearen artean ez luke alde handirik egon behar baina badago erabilpena eta atxikimenduari dagokionez.
Soziologikoki esan daiteke egoera bat ez bada iristen normaltasun puntura egoera oso inestablea dela. Familia euskaldunen kasuan egoera establea da baina horrela ez denean egoera inestablea da eta emaitzak aldatzen dira. Bestalde, gaitasunari dagokionez, nahiko ondo hitz egin arren, zailtasunak baditu gazteak hizkuntza ez duela erabiltzen ikusten da datuetan.

Non egin behar da lan hemendik aurrera?
Fokoa esan bezala, familian jartzen dugu. Euskararen fabrikarik emankorrena, egonkorrena eta sendoena. Horretan indarra jartzen duten plan guztiak ongi etorriak izango dira. 
Modu prebentibo batean badago zer egiterik. Familiak osatu baino lehen, bikoteak sortze direnean, eta gazte garaian sortzen dira batez ere, hizkuntza jokaeran eragiteak oso ondorio onak ekar ditzake. Horiek izango dira etorkizuneko familiak.

Zein da ondorio nagusia?
Badaudela baldintza soziolinguistikoak jauzi kualitatibo bat emateko. Horren baldin-tzak dira ia gazte guztiek euskara oso ongi edo nahiko ongi ulertzen dutela euskara. Eta gazteen erdiak oso ondo hitz egiten duela. Beraz, nahi izanez gero, borondatea badago, euskaraz hitz egin nahi duen gazte orok ez luke arazorik eduki beharko. Baldintza hauek lehenengo aldiz ditugu Lasarte-Orian. 
Horrek esan nahi du kanpainak prestatu behar direla gazte horiek aktibatzeko. Orain arteko diskurtso asko aldatu dira, ez dago esaterik “gure lagunetako batek ez daki euskaraz horregatik egiten dugu gazteleraz” hori dagoeneko ez da egia. Aktibazio hori egiteko kanpaina kolektiboa behar du izan, herri mailakoa. Asko dago egiteko, automatikoki ez da  etorriko.