Olentzeroren etorrera

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 9a

Kukurrukuuuu! Egunero lez, baserriko oilarrak esnatu nau. Jaiki eta ihintzaz bustia dagoen belarretik noa arineketan, urmaelera sartu eta aurpegia garbitzeko asmoz. Goizeroko bainua hartu ondoren, etxearen alboan dagoen haritz sendo eta handiaren azpira gerturatu naiz, bertan baitut egutegia zintzilik. Lokatz pixka batekin gaurko eguna “x” hizkiaz markatu dut eta errutinari jarraiki, abenduaren 24rako geratzen diren egunak zenbatu ditut. Hamasei! hamasei egun besterik ez dira falta egun handia iristeko! Pozez zoratzen nabil belarretan saltoka, zilipurdika… Eta bat-batean egun berezi horretan guztia behar den bezala geratzeko, aurrez prestatu behar ditudan zeregin guztiak etorri zaizkit burura. Izan ere, abenduko egun horretan haur guztien zoriontasuna lortzeko lehenik bere etorrera gogorarazi behar diet eta ondoren beraien eskutitzak jaso beharko ditut. Beraz, nire egiteko guztiak gauzatzeari ekiteko ordua iritsi da. Nire jantzi berria soinean ipinita eta gutunak jasotzeko poltsa eskuetan harturik, korrika irten nahiz baserritik Lasartera bidean.

Neska-mutilok! Iritsi da eguna, urtean zehar gurasoei hainbatetan hari buruz galde egin dieguna! Iritsi da gau askotan amestu dugun eguna! Bai, iritsi da Olentzeroren etorreraren eguna! Guztiok izango duzue marrazkiren bat edota eskutitzen bat Olentzerori emateko. Horregatik, laster izango nauzue zuen eskoletan, urtero bezala zuei muxuak eta besarkadak bana-tzeaz gain, Olentzerorentzako egiten dituzuen opariak jasotzeko ere. Gainera, abenduaren 24an Okendo plazan ikusiko gara, Mari Domingi eta Porrotxekin batera, Olentzerori merezi duen ongi etorria emateko! Ordura arte lagunok eta txintxoak izan!