Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria, Festak eta Kirolak sailetik, herriko irabazi-asmorik gabeko talde eta organismo ezberdinei aukera eman nahi die abenduan Mitxelinen antolatu ohi den Gabonetako Haur Parkeko taberna eta sarrera salmenta kudeatzeko.
Udalak azaltzen du, modu horretan, “eta talde hauek herriarentzat burutzen duten lana baloratuaz eta kontutan hartuaz, helburua diru sarrera extra bat eskaintzea litzateke. Haien lana erraztuko lukeena eta eskaintza hobetzera eramateko aukera bat litzatekeela pentsatzen baitugu“.
Hautatutako elkartearen ardura izango da Gabonetako Haur Parke-ko sarreraren kontrola eta tabernaren kudeaketa parkea irekita dagoen orduetan. Sarrerak, Gazteria, Festak eta Kirolak sailetik emango dira zuzenean saltzeko, kasu honetan helduei, euro baten truke. Aldiz, tabernaren horniketa eta ustiaketa osoa, taldearen esku geratuko litzateke; irabaziak, osotasunean, taldeak jasoko dituelako.
11 eguneko lana da bertan burutu beharrekoa eta interesa duten taldeek lanerako jende nahikoa izango dutela ziurtatu beharko dute aurrez udalak azpimarratu duenez.
Abenduak 15
Deialdi ireki honetan parte harztera deitzen du udalak. Interesa duten taldeek, abenduaren 15a baino lehen erantzun beharko dute Udaletxeko erregistroan haien eskaria sartuta. Proiektuek oniritzia jaso ondoren, talde guztiekin zerrenda bat osatuko da eta 2013. urteko Gabonetako Haur Parkearen kudeaketa noren esku geratzen den erabakitzeko zozketa bat egingo dela jakitera eman du udalak.
Horrela udaletik azaldu dutenez, osatzen den zerrenda datozen urteetan kontutan hartuko da, “urtero organismo edo talde ezberdin bati, ordenaren arabera, eskainiko zaio Gabonetako Haur Parkeko sarrera eta tabernaren kudeaketa“.