"Tratu on bat" marka aurkeztu da

Txintxarri Aldizkaria 2013ko abenduaren 4a

Gaur Dioni Avila Merkataritzako teknikoak eta Haritz Iparragirre Udaleko Komunikazio arduradunak "Tratu on bat" marka aurkeztu diete herriko merkatariei. Ostalari, Merkataritza, Zerbitzuei zuzendutako bilera desberdinetan markaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Dioni Avila merkataritzako teknikoak gure herriaren bilakaera ekarri du gogora, “historikoki industria izan gure herriko ekonomiaren eragile. Baina azken urteetan, estruktura aldatu da eta krisiarekin gehiago”.

Lasarte-Oriako egoera ekonomikoa larria dela eta, Udala hau hobetzeko lanean dagoela aipatu du, “enpresa txikiak indartu nahi ditugu, horiek baitira egungo estruktura ekonomikoa”.

Marka berria eta ekintzak

Horretarako merkataritzan planean adostutako hainbat neurri ari dira aurrera eramaten. “Tratu on bat" marka horietako bat dugu.

Marka berriaren irudia, elkarri esku ematen dioten bi esku izango dira. Honekin bi kontzeptu irudikatu nahi izan dituztela azaldu du Dioni Avilak, “batetik merkatarien harrera ona eta zuzena dela eta bestetik zerbitzua ona eta kalitate onekoa eskaintzen dutela”. 

Irudi berri hau dagoeneko kartel eta eskuorrietan ikusi ahal dugula aipatu du. Gainera, komertzioetan pegatinak jarriko direla eta marka berria duen poltsak eta diru-zorroak ere banatuko direla jakin arazi du.

Egutegia

Egutegi bat ere argitaratuko da. Honetan tratu ona irudikatzen duten 4 argazki komiko ikusi ahalko dira eta herriko merkatariek hauetan parte hartzea nahi dute. “Argazkiak leku generikoetan egingo dira. Hauetan sektore desberdinetako jendea agertze nahi dugu. Izan ere, Lasarte-Oriako merkatarien tratu ona irudikatu nahi dugu,” adierazi du Haritz Iparragirre Komunikazio arduradunak.

Argazki hauek hurrengoa astean zehar egingo direla aurreratu dute eta honetan parte hartu nahi duten merkatariek Villa Mirentxun izena eman ahal dutela adierazi dute.

Web orrialdea

Hau guztiaz gain, www.eskaintzak.lasarte-oria.org orrialdea martxan jarriko dute aurki. Haritz Iparragirrek aurreratu duenez, “bakoitzak bere lekua izango du honetan eta eskaintza bereziak bertan argitaratzea da asmoa. Gainera, aurrerago, mugikorrerako aplikazioa ere izango da”.

Merkataritza plana

Aipatu legez, gaur aurkeztu den marka merkataritza planeko puntuetako bat da.

“Iazko azaroan merkatariekin lanean hasi ginen eta apirilean haien parte hartzearekin finkatu genituen bideak,” adierazi du Dioni Avilak.

Markaz gain, denda berrientzako 14.400 eurotako diru-laguntza egongo dela ere aurreratu du merkataritzako teknikoak, baita Buruntzaldea arloan beste proiektu batzuetan lanean ari direla ere.