Euskara eta Gazteak Lasarte-Orian III azterketa aurkeztu dute Manuel Lekuonan. Honetan izan da Iñaki Arruti udaleko euskara zerbitzuko burua, Boris Nogales euskara zinegotzia eta Pablo Barrio alkatea Pello Jauregi azterketaren egilearekin batera. Egindako azterketaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute benetako tresna delako lanean jarraitzeko.
Jauregik azterketaren ondorio nagusiak azaldu ditu aurkezpenera gerturatu diren herritarren aurrean. Ikerlariaren mezua baikorra izan da “20 urte hauetan herriko gazteen artean, 13 eta 24 urte artekoak, handitu egin dira hizkuntza adierazle guztiak; gaitasuna, erabilera, hizkuntzarekiko atxikimendua…”
Azterketaren arabera, Lasarte-Orian euskaraz nahiko ongi edota oso ongi ulertzen duten gazteak %60 izatetik %95 izatera pasa dira 20 urtean eta mintzatzen nahiko ongi edota oso ongi dakitenak %43tik %86ra. Lagun euskaldunekin euskaraz gehiago edo beti egiten dutenak, berriz, %23tik %50era besteak beste. Hizkuntza-portaera horietan, ordea, badira hamaika gako, zehazki hamaika ondoriotan ematen dituenak egileak: generoari dagokionez, “euskaldun” kategoriaz, ama hizkuntzaz, “beti” eta “gehienetan” kategoriez, etxea eta eskola uztartzeaz…
Ikerketaren egileak azpimarratu nahi izan du zein garrantzitsua den etxeko eragina. “Guraso euskaldunak dituzten gazteen kasuan, euskaraz modu naturalean bizi dira eta kalean, lagun artean hala erabiltzen dute, naturaltasunez, era normalizatuan. Ez da berdina gertatzen bikote mistoak direnean edota erdaldunak”. Bi kasu horietan erabilerak behera egiten du beste egoerarekin alderatuta.
Guraso euskaldunak geroz eta gehiago dira Lasarte-Orian eta azterketa honen emaitzaren arabera gehiago izango dira hemendik 10 urtera. Familia eremua izan daiteke gakoa hemendik aurrerako planetan Jauregiren iritziz izan ere, liburuak bere kontrazalean dakarren kezkari nolabaiteko erantzuna bilatzea da aurrerantzean eragileek landu beharreko bidea.
Lasarte-Oriako gazteen hizkuntza egoera, ezagutzaren ikuspuntutik, normalizaziotik gertu dagoela erakusten digu liburu honetako egileak datu ugariren bidez. Hala, esango digu gazteetatik % 94,4k oso ongi edo nahiko ongi ulertzen duela euskara, eta %85,8k nahiko ongi edo oso ongi hitz egin dezakeela euskaraz. Badirudi, ordea, oraindik urruti dagoela normalizazio egoeratik, nahiz eta azken urteotan gora etorri den, euskararen erabileraren indizea. Honako galdera deseroso hau luzatuko digu egileak: nondik etorriko da, orduan, kaleko euskararen erabileraren handitzea eta nagusitzea, baldin eta orain, haur eta gazte gehienak D ereduan eskolatzen diren garai honetan, erabileraren indizea egoera normalizatutik oraino oso urruti badago?
Liburua eskuragarri jarri du udalak hemen