Gorka Lizarraga, Gizarte Zerbitzu eta Aniztasun sailetako zinegotziak azaldu zuen legez, "Lasarte-Oriako Udala aniztasuna lantzen ari da eta ekintza hau ekimen horren barruan sartu nahi izan dugu". Izan ere, Lizarragak azaldu duen modura, "herrian dauden komunitate desberdinak herriaren parte izatea nahi dugu".
Lasarte-Orian dagoen nikaraguar komunitatea handia dela aipatu du, "400 bat nikaraguar daude erroldatua" eta beraz, I. jaialdi nikaraguar hau garrantzitsua deritzo Udalari.
Jaialdia
Pedro Lopez "Tabaran" nikaraguar komunitateko kideak "gure kultura aberatsa da. Udalaren laguntzaz, bertakoei hurbildu eta gu ezagutzea nahi dugu," aipatu eta jaialdiko nondik norakoak azaldu ditu.
Jaialdia ostiralean hasiko da Abend kafe-antzokian. Bertan 22:00etatik aurrera, "Abrahan Castellon y Los Recoge Baba" taldearen kontzertua izango da.
Larunbatean, berriz, "kermes" bat antolatuko da Okendo plazan. Honetan, goizeko 10:00etatik 14:00etara janaria eta dantza izango dira nagusi.
Nikaraguako kultura eta gastronomiaz gain, Kolonbia eta Peruko hainbat produktu ere eskainiko dituztela adierazi du. "Cebiche-a, bao, txerria jucarekin...hainbat plater dastatzeko auekra izango da eta nikaraguar talde batek ere gure dantzak eskainiko ditu".
Elkartea
Aurkezpenean jakin arazi dutenez, nikaraguar komunitatea biltzen duen elkartea sortzeko lehen pausoak ematen ari dira. "Bertan bizi diren herrikideei haien eskubideak eta informazioa eskaintzeko balioko digu. Eta bertako komunitatean sentsibilizazioa lantzeko ekimenak ere egingo ditugu, jaialdi hau bezala," aipatu du "Tabaran"-ek.
Azkenik, Lasarte-Oriako Udalak eta nikaraguar komunitateak herritar guztiak gonbidatzen ditu jaialdian parte hartzera.