Lotsik pe, ezberdinak, eta zer?

jon-altuna-egitegi 2013ko azaroaren 30a

Urtero bezala, dantza, musika eta koreografiak izan dira protagonista larunbat arratsaldean Jalgunek egindako jaialdian. Desberdinak izateaz harro eta lotsak gaindituta, sekulako festa antolatu dute Manuel Lekuonan lehenik eta Okendon ondoren.

Guraso, senide eta lagunekin batera jaialdi handia egin du gaur Jalgunek. Arratsalde freskoa umore onez, dantzan eta kantuan berotu dute eta ez da antzerki, kolore, bideo eta kanturik falta izan.

Kultur Etxeko emankizunean, esate baterako, Semblante Rociero abesbatzak euren rumbekin mix moduko bat eskaini die eta Jalgunekoek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Bizipoza" diskoan  datorren Pausoka abestiaren bertsio berritua dantzatu zuten oholtzara igo ziren lagunekin batera. 

Horren ostean, Dinbi Banda batukada buru zutela, Okendorainoko kalejira egin dute. Gogoratu Dinbi Banda eta Jalgunek urtarrilaren 3an Kursaalean herriko pailazoen emanaldian parte-hartuko dutela.
Behin kalejira Okendora iritsita, Jalgunerekin elkarlanean aritu diren elkarteetako kideek sumendi bana piztu dute eta litxarreria gazi eta gozoak banatu dituzte lagun guztien artean. 
Goxoki horietako bospaseietan paper zati txiki bat zegoen gordeta eta tokatzen zitzaionak oholtzara igotzeko betebeharra zuen. "Saridunak" agertzen joan ziren paper zatiak lotu eta esaldi hau josteko: "Lotsik pe, asko gaude, diferentes y qué?".

Azken aldiz pausoka-pausoka aurrera doazela gogorarazi diete herritarrei, beraiek ongien dakiten bezala, irribarretsu, kantuan eta dantzan. Eguna txokolatada goxoa dastatuz amaitu zuten, ilunabar hotzari aurre eginez.

JAIALDIKO ARGAZKI GALERIA: http://txintxarri.info/galeria/564/