Sentitu, Pentsatu, Ekin!, liburu aurkezpen alai eta jendetsua

Txintxarri Aldizkaria 2013ko aza. 30a, 12:56

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 25 urte egin dituzte haurrei irria sortzen. Hori dela eta, liburu berezi bat argitaratu dute Elkar-ekin batera, "Sentitu, pentsatu, ekin" eta gaur aurkeztu dute Jalgi kafe-antzokian. Nahiz eta haurrentzako sorpresatxo bat dakarren, helduei zuzendutako liburua da oraingoan pailazoek dakartena. Gainera, Durangoko azokan ere izango dira pailazoak. Azaroaren 5ean, ostegunean, 15:00etatik aurrera Ahotsenean aretoan liburua aurkeztuko baitute.

Lagun artean aurkeztu dute goizean Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bere azken liburua, “Sentitu, pentsatu, ekin”. Amagoia Mujika liburuaren idazlea, Antxiñe Mendizabal Elkarreko ordezkaria, Bonberenea txarangako lagunak, Txapas, Aspanogi elkarteko ordezkariak, Pablo Barrio alkatea, besteak beste, izan dira aurkezpen honetan.

Joxe Mari Agirretxek, Amagoia Mujika idazleak eta Antxiñe Mendizabalek aurkeztu dute liburua. Mugikak esan du liburua ez duela "urteen bitartez" kontatu nahi izan, "emozio eta istorien" bitartez baizik, "eskenatoki atzekoa" ardatz hartuta. 

Agirretxek hastapenetako "arrautz egosi, Olentzero eta Takoloren aurpegi zuriaren" jatorria Lasarte-Oriako euskararen aldeko mugimenduarekin lotu eta gaur egunera arteko bidea laburbildu du.
Barriok bere aldetik, "herrigintza, irrigintza eta harrogintza" aipatu zituen pailazoek Lasarte-Oriari eman diotena deskribatzeko.

.25 urte laburbilduz

Hogeita bost urte igaro dira Takolo, Porrotx eta Pirrutx-ek sudur gorriak eta zapata handiak jantzi eta Olentzero egunean bere lehen saioa egin zutenetik. 
Takolo, Pirrutx eta Porrotx izatetik Pirritx, Porrotx eta Marimotots izatera eta Lasarte-Oriako Olentzerotik ilargira. Ibilbide honetan taldea garatu eta milaka bizipen izan dituzte.
Amagoia Mujika kazetariak idatzitako “Sentitu, pentsatu, ekin” liburua dugu horren guztiaren lekuko. 
Irripidean, saiotik saioara idatzitako liburua da eta honetan sudur gorriak alde batera utzita Aiora, Joxemari eta Mertxe ezagutzeko aukera dago.

Laguntzaileak
Pailazoek edo Aiora, Joxe Mari eta Mertxek urtea hauetan guztietan egin dituzten hainbat lagunen hitzak ere aurki ditzakegu liburu honetan. 
Unai Muñoa, Jon Maia edo Uxue Alberdi bertsolarienak, Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkatearenak, Josu Martinez zinegilearenak... Lorea Agirre edo Koldo Campos idazleek ere haien esperientzia eskaintzen dute.

Txikientzat sorpresa
Liburua helduei zuzendua dagoen arren, txikienek ere sorpresa ederra izango dute liburu honetan, pailazoen hogeita bost bideoklip jasotzen dituen DVDa baitakar liburuak.
Era honetara, etxeko txikiek ere gozagarri izango dute pailazoen argitalpen berria.