Zahartze aktiboa aztergai

Txintxarri Aldizkaria 2013ko azaroaren 19a

Beste urte batez, Osasun jardunaldiak antolatu dira Lasarte-Orian. Hurrengo astean, astelehenetik ostegunera zahartze aktiboa gaitzat izango duten hitzaldi sorta izango da Manuel Lekuona kultur-etxean. Hauen barruan, Lasarte-Oriako Udala, Osakidetza eta Osasun publikoaren azpizuzendaritzaren arteko elkarlanarekin aurrera eraman den "Zahartu" programa aurkeztuko dute.

"Zahartze aktiboa” izango da aurtengo Osasun jardunaldien gai. Horrela jakin arazi du Nerea Sanchez, Hirigintza, Ingurugiroa eta Osasuna saileko buruak gaur goizean Kontzeju Txiki plazan dagoen ariketa fisikoa egiteko parkean egindako aurkezpenean.

“Azken urtean, Lasarte-Oriako Udalak, Osakidetzak eta Osasun publikoaren azpizuzendaritzak modu aktiboan eta osasungarria lortzeko "Zahartu" programan lanean izan dira,” azaldu du.
Programa honen helburua pertsona adinduentzako ekintza osasungarriak dituen plana diseinatu eta garatzea da. 
Gaia interesgarria delakoan, aurtengo Osasun jardunaldietan gaia jorratzea erabaki du Lasarte-Oriako Udalak.

Hitzaldi sorta
Hirigintza, Ingurugiroa eta Osasuna saileko arduradunak aipatu duenez, hitzaldi sorta azaroaren 25etik azaroaren 28ra, hau da, astelehenetik ostegunera eskainiko da. Urtero legez, jardunaldiak Manuel Lekuona kultur-etxeko hitzaldi aretoan izango dira, 19:00etatik aurrera eta hauetan arlo desberdinetako adituak izango dira. 
Astelehenean, "Ariketa fisikoa eta elikadura osasungarria" izango da hizpide.
Enrique Contreras Osasun zentroko zuzendaria, Yolanda Atorrasagasti familia medikua eta Karlos Altuna Kirol Zerbitzuko arduraduna izango dira bertan eta pertsona adinduek osasuntsu egoteko hartu beharreko hainbat ohitura aztertuko dituzte.
Gizarte Zerbitzuetako arduraduna Maite Higuerok "Zahartze aktiboa" gaia jorratuko du asteartean. Honetan Gizarte Zerbitzuen lana azaltzeaz gain, honek zahartze aktiboarekin duten erlazioa eta bizi kalitatea hobetzeko dauden errekurtsoak azalduko ditu.
Zahartzea eta afektibitatea izango da gaia asteazkenean. Aingeru Mayor sexologoak, besteak beste, zahartzaroko sexualitatea edo udazkeneko erotikari buruz hitz egingo du.
Azkenik ostegunean, "Zahartu" proiektuaren aurkezpena egingo da Mª Jose Goñi Gizarte Zerbitzuetako langilea eta Makarena Dominguez komunitate agentea izango dira ekimena azalduko dutenak. "Hauek izan dira proiektuan lanean egon diren pertsonak," azpimarratu du Nerea Sanchezek aurkezpenean.
Eta honetaz gain, proiektuko teknikari eta parte-hartzaileekin egindako bideo bat ere ikusi ahalko da.

Gonbita
Hau guztiaz gain,  Lasarte-Oriako herritarrei Osasun jardunaldi hauetan parte hartzeko deia gonbita luzatu nahi izan die Hirigintza, Ingurugiroa eta Osasuna saileko buruak, baita  Kontzeju Txiki plazan dagoen ariketa fisikoa egiteko parkera astearteetan 10:30etik aurrera hurbiltzera ere.