Udal Gobernuak 5,9ko nota jaso du herritarrengandik

maider-azurmendi 2013ko azaroaren 20a

Lasarte-Oriako udalaren eskaerari erantzunez Aztiker enpresak herritarrei galdeketa egin zien bi urte hauetan udal gobernuak egin duen lanaren balorazioa jakiteko. Irailaren 11tik urriaren 2ra burutu zen galdeketa 15 urtetik gorako 446 herritarreko lagina hautatuta. Alkatea beraren lana da gehien baloratutakoa 6,3batekin.

Aztikerreko Ekhi Zubiriak azaldu duenez inkesta egiteko 15 urtetik gorako herritarrak hautatu dira, 15.459 izanik, 446 pertsonako lagina aukeratu da. "Zoriz hautatu dira etxeak eta horietara egin dira deiak, herritar guztiek aukera berdinak zituzten honetan parte hartzeko".

Alaitz Mendizabal Parte Hartze batzorde buruak Pablo Barriorekin batera egin du inkestaren balorazioa. "Orokorrean inkestan hauteman diren emaitzak positiboak izan dira" herritarrek udal gobernuaren gertutasuna eta parte hartzea baloratu dituzte eta euskararen alorrean egin den lana aitortzen dute ere herritarrek. Bestalde, "udala eta herriko elkarteen harreman onaren ondorioz" Mendizabalen arabera, herritarrek Lasarte-Orian ekimen gehiago daudela diote.

Inkestaren arabera udal gobernuak 5,9ko nota jasotzen du jarraian PSE-EE izanda baloratuena 5,3 batekin. Alkateak burutzen duen lanari dagokionez, 6,3bat ematen diote herritarrek " alkatearen bertuteak gertutasuna, herritarren iritziak entzuteko duen konpromezua eta parte hartzea sustatzen egiten duen ahalegina".

Euskarari dagokionez herritarrek aldaketa bat nabaritu dute, hizkuntza udal zerbitzuetan presenteago dagoela uste dute 7,2ko emaitzarekin baloratuz. Bestalde "udalak parte hartzea sustatzeko egiten duen ahalegina baloratzeko eskatu da eta %80ak positibo edo oso positibotzat jo du".

Herritarren kezkak

Inkestan herritarrek modu negatiboan baloratu dute herriko mantenura zuzenduriko lanak, garbiketa, argiztapena, konponketak etab. "Egia da inbertsiorako bi urte hauetan mugatuta egon dela udala baina lan egiteko tresna da inkesta hau eta kontutan izango da aurrerantzean". Bestetik, udalerriko egoera sozioekonomikoa hobetzeko udalak gehiago egin behar duela irizten dute herritarrek. Aparkalekuak dira arazo larrienetako bat herritar askorentzat ere. Hauek aipatuta, Kiroldegia da okerren baloratutako udal zerbitzua, "kiroldegia hainbat esparrutan zaharkituta geratzen joan da eta horregatik etor daiteke balorazio negatiboa". Udal gobernuaren izenean alkateak inkestan azaldutakoak kontutan hartzeko konpromezua agertu du.

Datu batzuk
Inkesta erantzun dutenen per-tsonen gehiengoa %39,9 55 urte baino gehiago dituzte. 446 herritar horietatik 77 langabezian daude. Kezka sozial nagusiak: langabezia, aparkaleku eskasia, kaleen eta jardinen garbitasuna, laguntza sozialak indartu beharra, gazteria laguntzeko beharra, txakur kaken biltzea, etxebizitza, honakinen kudeaketa eta errepideen konponketa dira zerrendako lehen hamarrak. 
Zertan egin du hobera udalak, lehenengo hamarrak: udala herritarrekiko gertuago dago, herritarren parte hartzea bultzatzen da, aktibitate eta ekintza gehiago dago herrian, euskara, festak, gazteentzako ekintza gehiago, udalaren kudeaketaren gardentasuna, aisialdi eta kultur eskaintza, herri lanak, haurrentzako espazio eta ekintza gehiago. Okerrera galdetzerakoan, kaleen eta jardinen mantenua, langabezia, aparkaleku eskasia, txakur kaken biltzea, hondakinen kudeaketa, eraikuntza eta herri lanak ez dira egiten eta asko bukatu gabe daude, zerbitzu publikoen murrizketa, tasa eta zergen garestitzea, krisi ekonomikoa, auzoak alde batera uzten dira dena zentroan egiten da eta udalak alderdikeriaz jokatzen du, ez du jarrera berdina herritar guztiekiko.

Beste datu batzuen artean, herritarren %64 uste du zergak garestiak direla. Oso positiboki %80 baloratzen da udalak herritarren parte hartzea sustatu nahi izana. %61,2ak dio ez duela parte hartze prozesuen inguruko informaziorik. Auzoz-auzo ekimena da ezagunena %27,6rentzat eta %18ak parte hartu du. Esparru honetan herritarren hitza kontutan asko hartzen dela uste du %25,9ak, zerbait %38,8ak eta gutxi %18,2ak.

Lasarte-Oriako herritarren arteko bizikidetza nolakoa den galdetuta %85,6ak oso ona edo ona dela deritzo eta bizikdetza arazorik ez dagoela uste du %83,4ak. Kultura, festa eta aisialdi eskaintza %62,9ak nahikoa dela dio, %23,7ak txikia eta %13,4ak handia. Inkesta publikoa da udalaren weban. Aipatu, herritar batzuek Txintxarri gazteleraz izatea ere eskatu dutela ikaestan.

Inkesta osoa hemen duzue ikusgai.