Alkateak azpimarratu duenez, "erakunde bat pertsonez osatua egonik, pertsonen arteko lan-harremanak, pertsonen emozioak....kontutan edukitzea garrantzitsu direla iruditzen zaigu antolaketa egoki batek aurrera egin dezan". Askotan kontutan hartzen ez den faktore bat alde gizatiarra dela aipatu dute bertaratutakoek. Egitura baten eraginkortasunean hobekuntzak egin nahi direnean ongi funtziona dezan, kontutan hartu eta landu beharreko esparrua dela aipatu dute.
Udalak barne berrantolaketa prozesu bat jarri du martxan. "Prozesu bat eta bakarra, modu koordinatuan aipatutako bi eremuak landuko dituena, lan antolaketaren alde teknikoa eta alde gizatiarra uztartuz". Prozesu hau aurrera eramateko bi enpresa arituko dira, elkarlanean bakoitzak bere espezialitateko lanak eta ekarpenak egiten.
Alde batetik Gingko enpresa arituko da, Jesus Hernandez Aristu adituaren gidaritzapean. Enpresa honen helburu nagusiak udaleko alde gizatiarra eta parte-hartzea lantzea izango dira baina baita ere udaleko egituraren azterketa teknikoa egingo duen enpresarekin elkarlanean aritzea. Lan tekniko bestalde, OPE Consultores eta Elhuyar enpresek eramango dute aurrera.
"Udalak orain arte herritarrekin izandako harremanetan parte-hartzea sustatu nahi izan du, eta parte-hartze hau udaletxe barruko langileekin ere praktikan jarri beharra dela iritzi dio, denok osatzen baitugu Lasarte-Oria, eta hala jokatu dugu honetan ere".
Lan teknikoa aurrera eramateko, lau enpresek Udal barnean egin beharreko lanak betetzen zituzten proiektuak aurkeztu zizkieten langile guztiei. Langileek informazio osoa jaso ondoren, bozka bidez aukeratu zuten enpresa eta proiektua, azkenik aipatutako biak hautatuz.
Prozesuak aurrera egiteko alkateak aipatu zuenez, udaleko alderdi politiko guztien babesa du egitasmo berri honek eta baita langileen komitea osatzen duten sindikatuena ere.
Imanol Goikoetxea langileen ordezkariak aipatu nahi izan du langileen oniritzia daukala egitasmoak "hasieratik langileok parte hartu ahal izan dugulako, enpresak guk aukeratu genituen guztien proiektuak aukeratu ondoren".
Langileen inplikazioa erabatekoa izango da prozesuan eta honekin kontsentsuzko barne egitura bat eraiki nahi da. Horretarako bost hilabeteko lana gauzatuko dela aurreratu dute bi enpresetako ordezkariek. "Langileak euren lanpostuan gustora eginda herritarrek nabarituko dute nolabait ziur" esan du langileen ordezkariak. Adituen Lasarte-Oriako udalak emandako pausoa ausarta dela aipatu dute langileekin elkarlanean ez delako ohikoa halako berrantolaketarik egitea. "Orain arte adituek organigrama bat egiten zuten enpresa aztertu ondoren eta aplikatzeko ematen zitzaien arduradunei, hemen langileekin adostuko da egitura posiblea eta nola eraman aurrera".