Glamourez betetako urteurrena

Txintxarri Aldizkaria 2013ko azaroaren 22a

Alfonbra gorria dagoeneko Manuel Lekuona kultur-etxean jarrita dago. Okendo zinema taldeak atzo hasiera eman zion bere urteurren bereziari eta ekintzaz betetako asteburua dakar.

Atzo gaueko 21:30ean, Okendo Zinema taldeak 25+2 urteurreneko lehen saioa izan zuen. Honetan Win Wenders-en "Paris, Texas" filma ikusteko aukera izan zen.

"Okendo zinema taldeko bigarren aroan eskaini genuen filma da, hala ere, Okendo zale askok ikusteko gogoan zeukaten eta berriro ematea pentsatu genuen. Film honek estetika berezia du eta Canneseko Urrezko palma irabazi zuen," azaldu zuen Laura Nogueras, Okendo zinema taldeko kideak filmaren aurkezpenean.

Baina filmaren aurretik Okendo Zinema taldeko lagunek ezusteko bat zuten prestatua, Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendariaren presentzia.

Noguerasek gogoratu zuen bezala, "lagun handia dugu eta urteurren honetan egoteko eskatu genionean ez zuen ezetzik esan". 

Rebordinosek taldea zoriondu eta Errenteriako zine klubeko hastapenetako oroitzapenak azaldu zituen, "guk areto txiki batean antolatzen genituen film emanaldiak eta bertara joaten ziren hainbat lagun zineaz gozatzera". 

Honetaz gain, zine forum formatoa galdu izanaz penatu zen, "gaur egun ez dira filmak ikusi ostean komentatzen eta hori pena bat da. Hala ere, hemendik atera eta zerbeza bat eskuan, lagun artean egiten dela esnago nuke". 

Ekintzak egunero

Baina astebururako ere hainbat ekintza dituzte antolatuak Okendo Zinema taldeko lagunek.

Gaur 22:00etan, Kimuak zirkuituko film laburrak eskainiko dituzte. Emanaldian herriko hainbat elkarte eta talderen emanaldi bereziak ikusi ahalko dira, baita sorpresaren bat ere.

Bihar, Zulo aretoan, 21:00etatik aurrera, glamourez betetako mozorro festa izango da herritar guztiei irekia.

Eta igandean, haurrek "Zarafa" film animatuaz gozatzeko aukera izango dute. Baina aurretik ekintza berezi bat izango da haurren gozamenerako.