Pablo Barrio alkateak, Boris Nogales kultura, euskara eta hezkuntza zinegotziak eta Xabier Goitia kultur teknikariak egin dute ekitaldiaren aurkezpena.
Hitzaldi aretoa ia guztiz bete dute saridunen senide, lagun eta ezagunek. Hauei guztiei ongi-etorria eman ostean, Pablo Barriok sarituak suertatu diren obra guztien izenburuak ardatz hartuta, kontakizun bana egin du euskaraz eta gaztelaniaz. Ez da ahaztu behar Barrio alkatea idazlea ere badela, eta bere dohainak erakusteko aukera izan du bi kontakizun original hauen bitartez.
Sorpresatxo txiki horren ostean ekin diote sari-banaketaren protokoloari.
Lehenik eta behin, euskarazko poesia errezitatu du Aitor Tejedorrek, Ivan Moreno gitarra-jolearen akordeek lagunduta. Irakurritako poesia "Txanponak eta dendaria" izan da, David Tijeroren "Oinatzen Itzala" obratik hartutako poesia.
Gaztelaniazko poesia berriz, Noemi Fernandezek errezitatu du. Ivan Morenoren laguntza izan du honek ere. Fernandezek errezitatutako pieza "Actualización" izan da, Julio Ferreren "Mudanzas" obratik ateratakoa.
Txalo zaparrada ozena jaso dute bi errezitaldiek.
Urduritasuna eta poza
Errezitaldiak amaituta, diplomak eta sariak jasotzeko ordua iritsi da. Saridunen artean urduritasuna izan da nagusi, prentsako argazkilariez gain, familiakoak ere argazkiak atera nahian zebiltzan, momentuaren oroigarri bat gordetzeko.
Poza ere nabari zen bai idazle gaztetxo eta ez hain gaztetxoen artean. Aipagarria da Jone Miren Hernandez Txintxarriko zutabegileak Lasarte-Oria saria eskuratu duela eta baita honen alaba Julenek ere, B kategoriako euskarazko ipuinen hirugarren saria erdietsiz.
Boris Nogales kultura, euskara eta hezkuntza zinegotziak gogorarazi du saridun gertatu diren obra guztiak udalaren webgunean ikusgai daudela.