Udaletik jakinarazitakoaren arabera, alderdi guztien artean adostutako "minimoetan" oinarrituriko ekitaldia izan zen igandekoa.
Askatasunaren parkean dagoen Gotzon Huegunen eskulturaren oinetan lore-sorta utzi ostean, Pablo Barriok testu labur bat irakurri zuen.
Gasteizko Legebiltzarrean alderdi guztiek adostutako testuak honela dio: "Etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak biolentziaren bidegabekeriaren aitortzea eskatzen dute, sortutako minaren eta biktimen duintasunaren aitortzea, biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dutelarik".
Bakea lortzeko bidean beste urrats baten gisan hartu du Udalak.
Eguneko anekdota edo gertakari bitxia eguraldiak utzi zuen.
Pablo Barriok testua euskaraz zein gaztelaniaz irakurtzeaz amaitzearekin batera eta bost minutuko isiluneari ekitear zirela, sekulako euri zaparrada bota zuen bat-batean.
Bost minutu horiek aterkien babesean egin zituzten Lasarte-Oriako zinegotziek eta bildu ziren herritar apurrek. Bost minutuak pasa eta Barrio alkateak biktima guztien omenezko ekitaldia amaitutzat eman bezain pronto atertu egin zuen.