Udalaren lan egutegia auzian

Txintxarri Aldizkaria 2013ko azaroaren 12a

Ohiko udalbatzarrean gaien artean eztabaidatuenetakoa izan da PSE-EEk aurkeztutako moziaren harira sortutakoa. Honek Estatuko jai egun ofizialak 2014ko lan egutegian errespetatzeko eskaera egin du. Alkateak erantzun du epaitegiak erabakitakoa akatatuko dela aurrerantzean.

Ohiko udalbatzarra lasaia zirudien. Lehenengo puntuak onartu dira, batetik aurreko akta eta bestetik, Sustapen ekonomikoa eta enplegu alorrean eskualde mailako protokolo orokorrean lanean jarraitzea. Hirugarren puntuan, alkatetzaren dekretuaren berri ematea izan da. Honen arabera Sozioekonomiaren dinamizaziorako batzorde informatiboaren lehendakaritza Gorka Lizarraga zinegotziak hartu duela azaldu du alkateak.

Udalaren jabetzakoak diren garaje-plazen eskaintza jarraiturako prozedura arautuko duten baldintzen aldaketari zegokion puntua zegoen gai ordenan baina Estitxu Alkortak azaldu du akats bat izan dela eta ez zela eztabaidatu behar. Hortaz bertan behera utzi dute honakoa.

Jarraian Kidetza elkarteak aurkeztutako mozioa bozkatu dute. Honek jasotzen zuen kustodia partekatuaren legea ezartzeko eskaera baina alderdiek ez dute bat egin testuarekin. PSE-EEk adierazi duenez, egun epaileek kustodia partekatua erabakitzeko aukera dute beti ere, kasu bakoitza aztertuta eta mozio honekin kasu guztientzako lege bakarra eskatzen dela argudiatu du Zaballosek. "Orokortasunak ez ditu bermatzen umearen eskubideak gure ustez". Antzeko bidetik argudiatu du Nere Sanchezek Bilduren aurkako bozka. Taldearen iritziz lege orokor bat eskatu da ere eta kasuak banaka aztertu behar direla azaldu du. Mozioak aiten eskubideak bermatzen dituela esan du, umeen eskubideen gainetaik "eta ez luke horrela izan behar, egoera bakoitza aztertu behar du epaileak eta aitatasuna haurraren jaiotzetik lantzen dela kontutan izan behar da". "Oraindik sexuen arteko berdintasuna ez da errealitate bat eta kasu askotan emakumeak hartzen du seme-alaben zaintzaren ardura eta hori epaileak guraso eta umeen iritziekin baloratu behar du".

Lan egutegi ofiziala

Eztabaida PSE-EEk udalaren lan egutegiaren inguruan aurkeztutako mozioarekin iritsi da. Donostiako epaitegiak ebatzi berri duenez, udalak ez dauka eskumenik Estatuko jai egun ofizial hauek beste egun batzuetara mugitzeko hau da, urriaren 12a, urriak 25 eta abenduaren 6a.

Ebazpenak azpimarratzen du udalari soilik dagokiola udalerriko jai eguna izendatzea. Hala ere, udal langileek jai egun ofizialetan lan egin ahal izango dute arrazoituta dagoenean. Horrela izanda, alkateak esan du udalak epaiak esandakoa akatatuko duela eta beharrezkoak diren justifikazioak helaraziko dituela "gure ustez herritarrentzat ona da jai egun hauetan udala zabalik aurkitzea, zerbitzua hobetzea dela iruditzen zaigu". PPko zinegotziak gogor erantzun du hori tranpa egitea dela eta Zaballosekin batera leporatu diote udal gobernuari jai egun horietan arrazoi politikoengatik lan egitearen hautua egiteko aukera dela eskaintzen zaiena langileei, ez bestelako lan arrazoiengatik. Eta hori onartezina dela iritzi dute Zaballos eta Velezek.

Mozioa aurrera atera da PP, PSE-EE eta adskribitu gabeko zinegotziaren bozekin, LOHP eta EAJ abstenitu dira eta Bilduk kontra bozkatu du. 

Herriko tabernen auzien inguruan Bildu eta EAJk aurkeztu dute mozioa 35/02 eta 26/11 sumarioen epaiketa gaitzesteko. Honetan besteak beste oinarri juridikorik ez dela ikusten azaldu da eta auziak artxibatu behar direla bake prozesuari bultzada emanez. Horrela izanda absoluzioa exijitu dute testuan. PP eta PSE-EEk kontra bozkatu dute, Marisa Zubiri eta LOHP abstenitu dira eta EAJ eta Bilduren aldeko bozekin onartu egin da.

Azkenik, "urgentziazko" bezala onartu da Filipinetan gertatutako hondamendiraren inguruko testua. Horrela alderdiek elkartasuna adierazi nahi izan dute eta Gurutze Gorria egiten ari den diru bilketan laguntza ematera animatu dituzte herritarrak. Bildu abstenitu da iritzita beste hondamendi larri batzuk "ez hain mediatikoak gertatzen dira eta ez diegu behar besteko oihartzunik ematen".

Bukatzeko galdera eta erreguen txanda izan da. Honetan Jesus Zaballosek galdetuta hainbat gai jarri ditu mahai gainean. Horrela 2014ko aurrekontuak martxan direla azaldu du Estitxu Alkortak "lanean gaude eta alde teknikoak lantzen ari gara momentuan". Oriako etxebizitza batzuetan berriz ere pitzadurak agertu direla eta kexu dira bizilagunak eta Nerea Sanchezek esan du aspaldiko arazoa dela eta aurretik ere harremanetan jarri zela udala beraiekin. "Beharrezkoa bada berriz hitz egingo dugu".  Okendoko garajeen kontuari dagokionez, "notaritzatik iritsi berri zaizkigu azken dokumentu batzuk eta prozesua ahalik eta azkarren joan dadin ari gara lanean" azpimarratu du hirigintza zinegotziak.

Bestalde Zaballosek kooperaziorako diru laguntzen gainean egin behar zen txostenari buruz galdetuta, Alkortak erantzun dio laster jasoko dutela "egun batzuetan eskuartean izango dugula esan berri digute".

Azkenik PPko zinegotziak herrian zehar dauden hainbat pankarta kentzeko eskaera luzatu dio udal gobernuari baita alderdi guztien bilerak, komisioena etab. behar bezala finkatu eta jakin araztea.