EAJ-ren jarrera Ordenantza berrien aurrean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko azaroaren 15a

Lasarte-Oriako EAJk lehengo astean onartutako ordenantza fiskalen gainean balorazioa egin du gaur goizean. Lan teknikoari garrantzia eman dio alderdi jeltzaleak eta Udalbatzarrean onartutako neurriek gastuaren gehikuntza kontrolatu gabea sortaraziko duela ohartarazi du. Era berean, Udaletxean gobernatze egonkor baten alde egingo duela aipatu du EAJk.

Gaur goizean, EAJko Estitxu Alkortak alderdi jeltzaleak lehen asteko Udalbatzarrean izandako jarrera azaldu du.

Ordenantza fiskalen zirriborroak berrikuntza nabarmen bat zuen aurten: Udaleko arlo tekniko guztiekin elkarlanean egindako proiektua izatearena. “Gure ustetan, zorroztasun handiarekin egindako proiektu serio baten aurrean ginen zeinen ondorioz, koherentzia eman zitzaion oinarrizko bi politikari: “Exentzioak eta bonifikazioak” izenekoari eta “ Udal instalazioak erabiltzearen prezio publikoak” izenekoari,” aipatu du .

Prentsaurrekoan aipatu duenez, proiektu hori defendatu zuen Ogasuneko presidentak alderdi polítiko guztien aurrean batzordean.

Era berean, Batzorde horretan gehiengo politiko batek, EAJ, PSE-EE eta PP, “Udal instalazioak erabiltzearen prezio publikoak” izeneko ordenantza errotik aldatzen zituen BILDUko emendakinak atzera bota zituela azaldu du.

Batzorde horretako diktamina izan zen azaroaren 8ko udalbatzarrera eraman zena,. “Udalbatzar horretara baina, ez ziren PSE-EEko zinegotzi bat eta PPko zinegotzia joan. BILDUk eta PCLOk, zirkunstantzia horretaz baliatuta, batzordean atzera botatako emendakinak onartu zituzten, zenbaitetan, alkateak kalitatezko bozka erabili behar izan bazuen ere,” azpimarratu du.

Era honetara, BILDUk eta Plataformak udaleko dependentzien erabileran, espazio publikoen erabileran eta udaleko giza baliabide eta bitarteko guztien erabileran elkarte guztientzat erabateko doakotasuna onartu dutela azpimarratu du, “laburbilduz, “dena debalde”rena onartu dute, eta horrek guztion artean ordaindu beharko dugun gastuaren gehikuntza kontrolatu gabea sortaraziko du.”

Era berean, bi alderdi hauek hilabeteetan zehar Udaletxean arlo teknikoek udal-baliabideen erabilerarako politika serio eta arduradun baten alde egindako lana gutxietsi izanaz penatu da. “Akats neurrigabea iruditzen zaigu. Langileen parte-hartzea bultzatu behar da udaletxearen arlo guztietan, gu saiatu garen bezala. Ezin da horrelako lan bat olinpikoki gutxietsi helburu politiko estuak babesteko aitzakian, jakinik, gainera, gehiengo sozial batek ez dituela helburu horiek defendatzen”.

Hau guztiagatik EAJak abstentzio bozka eman zuen Udalbatzarrean. “Erantzukizunagatik, ezin genion proiektu osoari aurkako bozka eman, izan ere, salbuespen batzuk kenduta, Ordenantza hauetan jasotzen diren neurri ekonomiko garrantzitsuenetako sustatzaileak izan baikara, % 1,2ko igoera orokorra tasetan eta zergetan eta IBI-aren izozketa praktikoa,” azaldu du.

Gobernatze egonkorra

EAJk ahaleginak egiten jarraituko du Udaletxean gobernatze egonkor bat egon dadin. “EAJ-k ez du Udal-Gobernuan parte hartzen. Ogasuna, Euskara, Kultura eta Hezkuntza arloetan erantzukizunak ditugu eta independentzia osoarekin defendatzen eta defendatuko ditugu gure ideiak, gure kudeaketa, eta gure lan egiteko moduak. Oraingo honetan bezala, gainontzekoak konbentzitzen eta adostasunetara iristen saiatuko gara”.

Hori posible ez balitz, alderdia jeltzalearen ustez herritarrentzat onena dena aurrera eramateko bere esku dauden tresna demokratikoak erabiliko dituela jakiter eman du. “Gobernuaren egonkortasunaren alde gaude baina hori ez dago gure esku bakarrik,” amaitu du prentsaurrekoa.