Durangoko Azokaren eskaintza aurkeztu zuten aurreko astean. Honetan azaldu moduan Landako Erakustazokan 353 nobedade egongo dira salgai. Guztira, 122 partaidek hartuko dute parte, aurreko edizioan baino 5 gutxiagok. Eta 238 stand egongo dira, iaz baino15 gutxiago.
Durangoko Azokak abenduaren 5ean, goizeko 10:30ean zabalduko ditu ateak, eta lan eguna denez, Ikasleen eguna berreskuratuko du. Ekintzez eta tailerrez lepo dagoen egitaraua osatu du horretarako antolakuntzak. 950 ikaslek hartuko dute parte gune guztietan. Hala ere, Ikasleen eguna izanagatik ere, guztiontzat egongo da zabalik azoka, ikasle izan edo ez, gune guztiak martxan izango direlako eskaintza anitzarekin.
Eskozia eta Douglass
Eskozia izango da aurtengo herrialde gonbidatua. Urteetan atzera egin behar da Eskoziaren eta Euskal Herriaren arteko harremanen hasiera topatzeko, euskal arrantzaleek mendeak baitaramatzate hartu-emanean eskoziarrekin. Horregatik, Durangoko Azokak Eskoziako (Alba, eskoziar Gaeleraz) kultura eta hizkuntza propioa ezagutzeko aukera eskaini nahi du, besteak beste. Bestetik, William A. Douglass antropologo amerikarrari emango dio Gerediagak aurtengo Argizaiola saria. Euskal diasporaren inguruko ikerketa sakonak, euskal kultura bultzatzen egindako lana eskertuko dio horrela elkarteak.
Guneak
Areto Nagusia, Ahotsenea, Kabi@, Irudienea, Saguganbara, Plateruena eta Szenatokia guneek hainbat diziplinatako programazio oparoa antolatu dute. Gainera, Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka izatetik, Durangoko Azoka izatera pasa da ofizialki aurten. Izen Honekin batera, Kulturaren plaza leloa atxekita izango du aurrerantzean. Gune guztiak plaza horren parte baitira: Areto Nagusia, Hitzaren plaza: Ahotsenea, Sortzaileen plaza; Kabi@, Digitalaren plaza; Irudienea, Ikusentzunezkoen plaza; Plateruena, Kontzertu handien plaza; Saguganbara, Txiki eta Handien plaza; eta Szenatokia, Arte eszenikoen plaza. Izan ere, Azoka Durango osora hedatzea da asmoa. Azoka Hiria deitutako egitasmoa da, eta Durangoko espazio ezberdinak kultur eskaintzez betetzea du xede programazio aberatsagoa osatzeko.
Helburu horrekin, azoka inoiz baino hedatuagoa izango da. Landakotik San Agustin Kultur Guneraino zabalduko da, Zugaza zinema aretotik pasata.
Irudienea, Ikus-entzunezkoen plaza
Euskarazko zinemagintzaren erakusleihoa da Irudienea gunea, eta aurten aurrerapausua emango du. Landakotik Zugaza zinema aretora pasatuko delako. Aretoak 100 ikusle ingururentzako lekua du, eta azokatik 150 metrora dago. Horrela, emanaldiek kalitatean irabaziko dute, eta sortzaile eta ikusleek hartu-emanean aritzeko aukera izango dute, emandiak, tertuliak eta mahai-inguruak antolatu dituztelako. Esaterako, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga (80 egunean) zinemagileak egongo dira Loreak Errepidean filmaren aurrerapena egiteko, Goenkaleren TV movie bat aurre-estreinatuko da, aktoreen parte-hartzearekin. Egitarauaren barruan, adibidez, Amaren Eskuak eta Emak Bakia filmak proiektatuko dira, besteak beste.
Ahotsenea, Sortzaileen plaza
Edizio honetan lekuz aldatuko den bigarren gunea da Ahotsenea, Sortzaileen plaza. Landako erakustazokaren eta Montevideo kalearen artean kokatuko da karpa, trenbidea zeharkatuta. Bi espazio izango ditu, ohiko legez. Batean, autoreek euren lanari buruz hitz egin ahal izango dute, eta bestean, zuzenean aurkeztuko dituzte aurtengo nobedadeak. Gainera, edizio honek bere biziko arrakasta izan du sortzaileen artean, izena emateko epea zabaldu eta 48 ordu eskasera bete zituztelako aurkezpenetarako zerrenda guztiak. Horrela, 76 emanaldi izango dira, zuzenekoak eta aurkezpenak. Taula gainetik pasatuko direnen artean: EH Sukarra, Irati Jimenez, Mikel Markez, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda, Mursego, Alex Sardui, Aingeru Epaltza, besteak beste.
Areto Nagusia, Hitzaren plaza
Euskal kulturaren zabalkunderako gunea da Areto Nagusia, eta batez ere liburuak aurkeztuko dituzte bertan.
Saguganbara, Txiki eta Handien plaza
Berbaro elkarteak koordinatuta, Landako plazako Elkartegian dago Saguganbara, eta hiru espazio ditu: Sarrera, Areto Handia eta Areto Txikia. Familia osoari eskainitako espazioa da, kulturaren transmisioa eta irakurketa aktiboa lantzeko, hizkuntzarekin jolastuz.
Plateruena, Kontzertuen plaza
Kafe edo mokaduren bat ahoratuz sortzaile eta bisitarien topaleku izateaz gain, kontzertu handienak ere hemen izaten dira. Plateruenak Ruper Ordorikaren kontzertuarekin hasiko du programazioa, azaroaren 29an, eta hortik aurrera besteak beste: Su ta Gar, Urtz, Kauta, Korrontzi…
Kabi@, Digitalaren plaza
Kultura digitalaren plaza izanik, azken hilabeteotako teknologia proiektuak aurkezteko gunea da. Gai honen inguruko hitzaldiak, tailerrak, jokoak edo mahai-inguruak antolatu dituzte. Esaterako, bi hitzaldi-tailer eskainiko dituzte: irrati edota hedabide libre bat nola programatu, kudeatu eta mobilera eraman, edota 3D inprimagailuak hezkuntzan zelako erabilerak eduki ahal dituen aztertuko da.
Szenatokia, Arte eszenikoen plaza
Euskal antzerkigileei urtean zehar egindako lana plazaratzeko aukera eskaintzeaz aparte, ikuslegoarekin harreman zuzena izateko aukera ematen du. Adibidez, Antzerki Maratoiaren egunean, obra zati bakoitzaren ostean, antzezleek eta ikusleek pintxoa eta txakolina konpartitzeko aukera izango dute. Egun hauetarako planak egiten joateko hemen duzue Azokaren baitan antolatuko diren ekintza programa osoa.
Egun hauetarako planak egiten joateko hemen duzue Azokaren baitan antolatuko diren ekintza programa osoa.