Gaur eguerdian Lasarte-Oriako Udalak eta Behemendi elkarteak astelehenetik, abenduaren 2tik aurrera martxan egongo den Bidez bide zerbitzua aurkeztu dute. Honetan izan dira Juan Kruz Alberdi Behemendi elkarteko kidea eta Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia.
Juan Kruz Alberdi Behemendi elkarteko kideak azaldu duenez, "duela hiru urtetik hona, Andoain, Urnieta eta Hernanin martxan den zerbitzua da eta orain Lasarte-Oriako herritarrentzat ere onuragarri izango da".
Garraio zerbitzua baserrietan bizi diren 65 urte baino gehiagoko edo mugikortasun arazoak dituzten herritarrei zuzendua dago. Behemendiko arduradunak azaldu duenez, "pertsona hauek bakardadean ez geratzeko ekimena da. Adina edo mugikortasun arazoengatik ezin dira herrira jaitsi erosketak egin edo medikura joateko eta zerbitzu honek behar hori asetzen du".
Gorka Lizarragak Gizarte Zerbitzuetako arduradunak adierazi duenez, Lasarte-Oriako 59 baserrietara eskutitza bidali du Udalak zerbitzu honen berri emateko. Baserri hauek Lasarte-Oriako landa eremuan daudenak dira: Sollanea, Pepenea, Illarraltzueta, Urnieta bidea, Miracampos, Oriamendi eta Zapa.
Zerbitzua
Garraio zerbitzua astelehenetik ostiralera goizeko 8:00etatik 14:00etara egongo da martxan eta Lasarte-Oriako erdialdera eramango ditu landa munduan bizi diren herritarrak.
Aurkezpenean azaldu dutenez, zerbitzua erabili ahal izateko hitzordua jarri behar da Bidez bide zerbitzko gidariarekin, Begoña, 626 136 976 telefonora deituz. Zerbitzua doakoa izango da eta pertsona hauen laguntzaileek ere erabili ahalko dute.