Andoni Egaña bertsolariak lau aldiz jantzi du Txapelketa Nagusiko txapela. Aurtengoan ez da BECen egongo eta inbidiarik ez duela sentitzen dio. Hala ere etxeko intimitatean goza-tzen ari da txapelketako saioak ikusten. Arrieskalletan Amets eta Maialenekin izango da eta saio bikaina izango dela uste du bi bertsolari gazteak oso prestatuak etorriko direlako. Horretaz gain, ber-tso eskolek duten garrantzia azpimarratu nahi izan du.
Abenduaren 15a gertu dago... Nola ikusten duzu Txapelketa?
Txapelketako saioak etxetik jarraitu ditut eta egia esan asko disfrutatzen ari naiz. Lehenengo aldiz etxeko intimitatean ikusi ahal izatea asko gustatzen zait eta benetan gozatzen ari naiz.
BECeko oholtzara igo behar direnen urduritasuna faltan botatzen duzu?
Ez dut faltan botatzen, inbidiarik ez didate ematen. Hori bai, saioak ikusten ditudanean ia nahi gabe gaiak nire buruari jartzen hasten naiz. Ariketa ona da trebatzeko eta saioetarako prest egoteko. Bi ordu libre edukita berehala hasten naiz nire buruari gaiak jartzen eta bertsoak pentsa-tzen. Hala ere, ez dauka zerikusirik lehiarekin nire bertso maila non dagoen ezagutzeko jakin minarekin baizik.
Maialen eta Amets urduri egongo dira…
Ez dut uste. Lasarte-Oriara finala baino 10 egun lehenago joango dira eta beraientzat gozatzeko saio bat izango dela pentsatzen dut.
Noski trebatzeko baliagarria izango zaie. Hain zuzen bertsolaritzak daukan faserik politena entrenatze hori da. Zure burua prestatzea etor litekeenerako. Gainera elkarrekin egin ohi dugu. Oso polita izaten da, gero ohol-tzan lagun baina lehiakide izango direnekin txapelketa prestatzea.
Lehia egoten al da bertsolarien artean?
Bertsolaritza eta txapelketa ez da kirol parametrotan neurtzen. Oso ohituta gaude aipatutako kirol lehiarekin pareka-tzea, irabazi, galdu, berdindu baina bertsolaritza ez da horrelakoa. Lehia nagusiena norberak bere buruarekin dauka eta inoiz ez dut bertsolari bat entzun beste baten akatsengatik pozten. Saio on bat eginda txapelketa galdu arren ere, bertsolaria etxera pozik joango da lan ona egin duelako. Desberdina da.
Txapelketa egonda bertsozaleen arteko giroa desberdina izaten al da?
Bai txapelketak beti sortzen du halako “aparraldi” bat. Nik uste dut ona dela sortzen den hau baina neurrian. Adibidez giro honek herriz herriko saio txikiak indartzeko balio du, bertso eskoletan indarra jar-tzeko, bertsolaritza ikasgai ematen den eskoletan beste hauspo bat izateko.
Nola ikusten duzu Bertso eskolek herri mailan egiten duten lana?
BEC izaten da mugimendu guztiaren erpina, ikusgarriena baina BEC ez litzateke emango bertso eskolarik gabe eta tokian tokiko bertso mugimendurik gabe. Garrantzi-tsuena oinarri hori dela argi daukagu bertsolariok baita bertsozale elkarteak. Lasarte-Orian aspaldi lortu zen gainera gazte eta zahar, urbanita eta baserriko jendea biltzea eta eredugarria da bertso eskola alde horretatik.
Gainera euskara hegemonikoa ez den herrietan, bertso eskolak badu beste funtzio bat ere bidenabar egiten duena eta zera da, herriko euskara mugimenduari naturaltasunez laguntzea. Bertso eskola bukatu eta kalera irteterakoan euskaraz hitz egiten jarraituko dute eta horrek badu ekarpen bat bertsoaz aparte.
Harrobia bertso eskoletan al dago?
Aspalditik dago eskoletan bai. Nik uste dut aurtengo finalean oholtzan izango diren zortzi bertsolariak lehenengo aldiz bertso eskoletan aritutakoak izango direla.
Lehen ni nengoen eta nire garaian bertso eskolarik ez zegoen. Ia pentsaezina zen halako mugimendurik sortuko zenik.
Duela 30-32 urte sortu ziren lehenengo bertso eskolak. Artean bazegoen halako eztabaida, funtsik gabe bat esango nuke, ea bertsolaria jaio edo egiten zen. Zorionez batzuek argitasuna izan zuten hori gainditu eta bertso eskolak sortzeko, tartean Xabier Amuriza, Zumaia aldean Juanito Dorronsoro… eta begira noraino iritsi garen.
Pozgarria da eta gainera ikasgai bat eman diogu gure buruari eta pentsatu nahi dut ingurukoei, hau da, transmisioan jarri behar dela indarra.
Nolako saioa izango da Arrieskalletakoa?
Amets eta Maialen bertsolari handiak egongo dira eta ni xaxatzen. Saio bikaina izango da ziur, hauek gainera finalerako prestatuak egongo dira eta nerbiorik gabe. Giro ezin hobea izango dugu.