Eguerdian aurkeztu dute udal ordezkari eta Atsobakar egoitzako langileek unitate Psikogeriatriko berria. Hau egoitzako bigarren solairuan kokatu dute eta alkateak adierazi moduan, egoileen familiekin egin da lanketa zerbitzuak behar guztiak ase zitzan.
Ez da unitate itxi bat, bertan dauden aitona-amonek behar psikiatrikoak dituzte baina euren egoera egonkortzen denean egoitzako gainontzekoekin bueltatu daitezke baita familiarekin ateratzeko aukera dute medikuek hala baimentzen dutenean.
Monika Uria egoitzako zuzendariak eta langileek aipatu dutenez, betidanik izan dute egoitzan dauden aitona-amonek zaintza mota hau baina espazioa ez zegoen berezitua eta orain horrela askoz modu egokiagoan eskainiko da.
Espazio aldetik, ihes egiteko arriskua dutenen kontrolerako ateak eta leihoak modu automatikoan ixten dira eta kamara bidezko sistema batek langileei ahalbidetzen die gela guztietan gertatzen dena ikusteko. "Atentzioaren kalitatea asko hobetu da egin den espazioaren moldaketa eta kamerak bezalako hobekuntzei esker".
Orain arte jarraipen psikiatrikoa behar zuten egoileak zentro ezberdinetara mugitu behar ziren medikuarekin harremanetan egoteko "bakoitzari medikazio bat jartzen zion bere medikuak eta horrek hemengo lana koordinatzeko garaian zailtasunak sortzen zituen". Orain Osakidetzako psikiatra bat egoitzara hurbilduko da eta berak ikusiko ditu guztiak. Medikazioaren jarraipena egingo die eta egoitzako medikuarekin batera adostuko ditu tratamenduak.
Egoitzatik mugitu gabe
Gainera egoitzatik ez dute mugitu beharko ere bestelako errehabilitazioa egiteko. Orain gaixotasun psikiatrikoak zituzten egoileak Matia bezalako beste zentro berezietara bidaltzen ziren adibidez beso bat puskatu ondoren, honen mobilitatea mantentzeko ariketak egin ahal izateko. Orain gainontzeko egoileek bezala, zentroan bertan dute aukera mota honetako errehabilitazioa egiteko.
Atsobakarreko psikologoak aipatu duenez unitate berezituak giro aproposa eskaintzen du gaixoen lasaitasuna bermatzen duelako horrek gaixotasunean suposatzen duen hobekuntzarekin. Izan ere, bertan dauden egoileek portaera arazoak dituzte nagusiki.
Egun Atsobakar egoitzan 51 aitona-amona daude eta horietatik 15 daude unitate berrian. Azpimarratu dute agerraldian ere, unitate psikogeriatrikoan lanean jardun diren profesionalek eurek aukeratu dutela bertan lan egitea eta "beharrezkoa izan denean trebatu egin dira langileak". Alkateak aipatu duenez, egoitzan unitate berria antolatzeko Aldundiak 37.000 euroko laguntza eman du.