Bi txapelketa garrantzitsu izan zituzten LOKEko mutilek lehengo igandean. Batetik Gipuzkoako senior mailako txapelketa izan zen Hernanin eta Asier Sagastik bere mailako zilarrezko domina eskuratu zuen eta Mario Garridok brontzea. Bestetik, eskolarteko mailako infantilek lehen sailkapen saioa izan zuten.
Zilarrezko domina
Gipuzkoako senior txapelketan herriko taldeko lau judoka izan ziren lehian eta Asier Sagasti eta Mario Garridok domina ekarri zuten herrira.
Asier Sagastik 90 kilo azpiko finalean egotea lortu zuen. Gorka Aristegi entrena-tzaileak aipatu digunez, “lehen borroka erraz irabazi zuen eta finalean, borroka berdindua izan zen” baina Lasarte-Oriako gazteak ezin izan zuen Usurbilgo Egoitz Mora garaitu.
Mario Garridok borroka bat irabazi eta bestea galdu ostean, bigarren aukera jokatu behar izan zuen. Honetan “lan ederra” egin zuen norgehiagoka guztiak irabaziz. Ondorioz, brontzezko domina lortu zuen.
Bestalde, Fermin Balda kadetea senior mailan lehiatu zen eta borroka bat irabazi zuen. Pozik agertu da LOKEko entrenatzailea gazteak txapelketan egindako lanarekin.
Infantilak
Seniorren txapelketa amaitzerakoan, infantil mailako gaztetxoen txanda izan zen.
Manu Revuelta bigarren izan zen, Ander Garrido, Yeray Mendibe eta Alex Saletek hirugarren postua eskuratu zuten eta azkenik, Garikoitz Mena eta Iker Sanchez bosgarren izan ziren.
Alebinak ere lehian
Judo taldeko gazteenak ere lehian hasi direla jakitera eman digu Gorka Aristegi entrenatzaileak.
Azaroaren 17an, alebin eta infantilek probak izan zituzten eta denboraldi berrirako prest zeudela erakutsi zuten.