Tokiko mailatik hasi, Euskal Herri osora zabalduta, eta ikuspegi global baten txertatuta, "XXI. mendean komunikazioa da komunitategile nagusia"; da gaur aurkeztutako txostenaren ardatza. Ondorioztatzen da, euskararentzat tresna ezinbestekoa direla komunikabide eraginkorrak.
Metafora moduan, gogoetarako, etxearen irudia erabili da: Euskal Hedabideen etxea. Euskal komunikabideen bateragunea litzateke figura hori eta etorkizuna irudikatzea da asmoa; etxe hori eraikiz, bere egitura, solairu, atal eta korridoreekin.
Euskarazko toki hedabideak batu, artikulatu eta elkarlanean jartzen ditu TOKIKOMek. Euskarazko toki hedabideek osatzen dute elkartea eta handik abiarazi da hausnarketa. Ikerketa lana egin da 2013an zehar, eta txostena aurkeztu da gaur. Proposamen irekia da, euskal hedabideen sektoreari egiten zaiona.
Indarren batuketa horregatik, Mikel Irizarrek azaldu du sistema horrek emango lukeela "emaitza bezala Euskal Herrian beste inork antolatu ezin duen komunikazio talde indartsu bat", hain zuzen, euskararentzat ezinbestekoa dena. Sistema horrek hiru hanka dituela azaldu du HEKIMENeko Alberto Barandiaranek, "hedabideen bultzadarekin, unibertsitateen bermearekin eta administrazioaren laguntzarekin", hain zuzen.
Euskarak biziraungo badu, hedabideen eraginkortasunean egin du azpimarra Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak eta esan du, finantzazio bide egonkorrak aztertzen dabiltzala Jaurlaritzan. Berak garbi ikusten du euskarazko hedabideen kontsumoaren eta gizartearen euskararen erabileraren arteko lotura estua eta horregatik dio herri agintariei dagokiela "eraginkorrak diren hedabideak bultzatzea". Zehaztu duenez, eraginkortasun hori kontsumitzailearen ikuspegitik aztertu behar da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak, Zigor Etxeburuak, bere aldetik, nabarmendu du, lurralde osoari begiratuta, "euskaraz bizi diren herriak arnasgune" direla eta horretarako ezinbestekoak direla euskarazko komunikabideak.
Aurkeztutako hausnarketak fokua esparru eta maila guztietan jartzen du. Hedabideek, metafora moduan erabiltzen den Euskal Hedabideen Etxearen lehen soilairua osatzen dute, TOKIKOM-en gogoetan. Bigarren solairuan hedabide nazionalak leudeke. Gaur aurkeztu da urtebete luzez landu den txostena baina gogoetak iraunkorra, adostua eta sistematikoa jarraituko du izaten.