B. Flowers ikuskizuna Manuel Lekuonan

jon-altuna-egitegi 2013ko aza. 23a, 22:11

Lasarte-Oria Dantzan ekimenaren barruan, "B. Flowers" dantza emankizuna eskaini zuen Marta Carrascoren konpainiak larunbat arratsaldean Manuel Lekuona kultur-etxean. Ordubete inguru iraun zuen obran Marta Carrasco, Anna Coll eta Majo Cordonet antzezle-dantzari kataluniarrek kolorez jantzi zuten areto nagusiko eskenatokia.

Mezu asko utzi zituen, irudi politak bezain gogorrak ere bai, oso plastikoak denak. Hurbildu zirenak gutxi izan baziren ere, ikuskizunarekin hunkitzeko aukera izan zuten. Marta Carrascoren konpainiaren lana benetan txundigarria izan zen, aurpegikerarekin bakarrik, gorputzarekin, hitzik gabeko sentimendu uholdea sortzeko gai izan zireen. Orain goxo, orain krudel...  Ikusleak arretaz jarraitu zituen dantza eta antzerkiaren arteko nahasketa honen bilakaera. Eskenatokia lorez josita zegoen, larrosa gorriek hartua zuten lurrazal guztia eta haiekin jokoan ibili ziren hiru dantzariak. Argi-joko ikusgarriak ere egin zituzten, itzalekin jolastuz plastikozko teloi baten atzean. Kontraste handiko obra izan zen, zenbait momentutan gogorra, oso gogorra izatera ere iritsi zen. Baina loreen kolore biziek alaitasun puntua eman zioten argazkian ikus daitekeen bezala.