Ongi etorri osaba!

unai-munoa 2013ko aza. 22a, 19:52

Zer sentitzen ote da egunez egun ziegako ateak noiz irekiko zain, zure bizitza mendeku gose direnen gabitu denean, mendira joatea amesten duzunean, etxekoen muxuak oroitzen dituzunean, maitearekin larrua jotzea desio duzunean…? Zer ote da ia hiru hamarkada askatasunik gabe bizi behar izatea? Euskalgatazka deritzaionak, kontestu zehatz bat du, eta gure historiaren orrietan ageri da, azken bi mendetan gutxienez, ez dela belaunaldi bakar bat ere izan bakea ezagutu duenik. Norberak bere lubakitik egiten badu bere egiaren kontakizuna, horrenbeste hamarkadatan gertatutakoaren auzia ez dugu erraz gaindituko. Bake prozesua indarrak neurtzeko bataila gisa ulertzen baldin badugu, nekez iritsiko gara elkarbizitzaren balioetara, eta nekez lortuko dugu normalizazio politikoa. Gehiago edo gutxiago, zuzenean edo zeharka, denok batera osatu dugu zoritxarreko malko putzu hau, eragindako zein pairatutako negar malkoek bete dutena. Bat nator egi osoa egi guztien batura dela esaten dutenekin, eta uste dut hori onartzen dugunean hasiko garela bide berri eta desberdin bat marrazten. Herrira itzuli dira Txurdi eta Mitxel, umea naizenetik tabernetako hormetan zintzilikatutako argazkietan ikusi izan ditudanak, lehen aipaturiko kontestu horren biktima izan direnak, gurean izua besterik zabaldu ez duten poliziek eraman zituztenak, laubakiaren alde batean jartzea erabaki zutenetik. Kontuz ibili behar da hitzekin. Zeren, doan egiten ditugun aitorpenak garesti irteten dira gurean. Agian, sei urteko ilobatxoak,ongi etorri, osaba dioen koloretako kartulina bat erakusten badu, delitu bat egiten ari delako. Agian, Txurdi eta Mitxel etxean direla jakitean poza sentitu dudalaesateak, arazo legalak suposatuko dizkidalako.  Esan gabe esaten asmatu beharko dugu, bertsolari zaharrek garai zaharretan bezala. Baina, txoriak kaiolan jarraitzen duen bitartean, ezingo dugu askatasunean bizi garenik esan.