“Zentroa herritarrentzako erreferentzia puntua izatea nahi dugu”

maider-azurmendi 2013ko azaroaren 22a

Emakumeen zentroan aurkeztu dute gaur sexu informazio eta aholkularitza zerbitzu berria, sexuen araberako egoera herrian zein den ezagutzeko diagnosiarekin batera. Honetan Maite Higuero udaleko emakume arloko arduradunak, Oscar Aranda berdintasun teknikaria eta sexologoak eta berdintasun teknikariak diren Yoana Azpitarte eta Maria Salsamendik azaldu dituzten bi ekimen hauen nondik norakoak.

2003. urtetik dago zabalik Emakumeen udal zentroa Lasarte-Orian. Urte hauetan egindako ibilbidea arrakastatsua dela iritzi arren, Maite Higuerok azpimarratu nahi izan du “bi urteko hausnarketa sakonaren ostean, zentroak zerbitzu berriak eskaintzearen beharra ikusi zen”.  

Azterketa

Diagnosi bat egin nahi da “sexuen araberako desoreka ezabatzeko, sexuen arteko berdintasuna sustatze aldera, pertsonen autonomia sustatzeko eta batez ere sexuen arteko bizikidetza hobetzeko” azaldu du Yoana Azpitarte berdintasun teknikariak.  Hori litzateke “gure helburu eta horretarako Emakumearen Zentroa erreferentziazko espazioa izatea nahi dugu”.

Helburu hori lortzeko egingo da aipatutako diagnosia , “emakumeen parte hartze efektiboa sustatzeko eta bermatzeko tokiko diagnosi bat garatzean datza udalerrian ematen diren baldintzak kontutan hartuz”.

Azterketa sakon honek lan esparru anitzak dituela azaldu dute teknikariek. “Helburu zehatzak izango lirateke, herriko gizon eta emakumeen egoera zein den ezagutu eta identifikatzea hauek non dauden gizarteko esparru guztietan hau da, kontziliazioan, egoera laboralean, hezkuntzan, osasunean,... Herriko egoera zein den ahalik eta hoberen jakin nahi dugu, zehazki herriko emakumeen egoera ezagutzeko”.

Azken urteetan sexuen artean gertatu diren aldaketak aztertu nahi dira ere. “Lan honek bi atal nagusi izango ditu. Batetik zentroko erabiltzaileekin lanketa bat egingo da, parte hartzaileen interesak, beharrak  aztertzeari garrantzia eman nahi diogu. Zentroak beti parte hartze handia izan duelako eta iruditzen zaigu abiapuntua erabiltzaileak, emakume hauek direla. Hauei galdetuko zaie nola ikusten duten herrian emakumearen egoera”.

Lehen hausnarketarako dagoeneko taldetxo bat eratu dela azaldu dute teknikariek, 15 emakume elkartuko dira eta datorren asten bertan izango da lehenengo bilera.

Kanpora begirako azterketak osatuko luke diagnosia. Honen baitan lau esparru aztertuko direlarik, “batetik udal teknikariekin egon nahi dugu beraien ikuspegitik, herriko errealitatea zein den jasotzeko baita udal zerbitzuetan emakume-gizon erabiltzaile kopurua etab-en inguruan datuak jaso ahal izateko”. Bigarren lan esparrua, udalaren esku ez dauden zerbitzuak lirateke: Lanbide, Osasun Zentroa, eskolak… Beste lan arlo garrantzitsua, herriko elkarteekin egingo dena izango da eta azkenik “ahalik eta iritzi gehien jaso nahi dugunez herritarrengana joko dugu, tailer- bilerak, solasaldiak antolatuz iritziak jasoko ditugu”.  Hau gauzatuko dute Parte Hartze teknikariarekin batera.

Diagnosia prozesu luzea dela azaldu dute “nahiz eta martxan egon, lau urte inguruko lanketa izango dela uste dugu”.

Sexologoaren lana

Sexu informazio eta aholkularitza zerbitzuari dagokionez, Oscar Arandak gidatuko du. Sexologoak azaldu duenez zerbitzu integrala eskaintzea bilatzen da. Sexu informazioa eta aholkularitza oso desberdinak direla aipatu du eta bigarrena, “oso lan sakona da. Aholku profesionaletan datza eta zalantzak, kezkak lantzeko litzateke. Sexualitatearekin zerikusia duen edozein zalantza argitzeko gaude. Adibidez guraso batek kezka eduki dezake bere alaba edo seme nerabeak hasi berri duen lehenengo bikote harremanaren inguruan.  Horren aurrean  nola jokatu behar duen zalantzak baditu, guregana etor daiteke. Zalantzak argitu eta orientatzeko gaude”. 

Hezkuntza alorrean zein sexuen arteko indarkeria saihesteko helburua izango du zerbitzuak. Hau ere bulegotik kanpo eskainiko da, karpa informatiboak jarriko dira, Gaztelekuan ekintzak antolatu, herriko eskoletan landu eta guraso eskolak egingo dira besteak beste.

Zerbitzua norbanakoa zein taldekakoa izan daitekeela argitu du Arandak, “bakarrik, bikotearekin zein koadrilan etor daitezke herritarrak euren zalantzak, kezkak argitzera”. Hitzordua emango da aurrez eskatzen bada baina bestela gerturatzea besterik ez da. Ostiraletan 16:00etatik 20:00etara eskainiko da zerbitzu hau. Horretaz gain galderak telefonoz 943 363958 zein emailez helarazi emakumezentroa@lasarte-oria.org, edo laster sare sozialen, Facebook eta Twitter, bidez jaso eta erantzungo dira.

Zerbitzu berri hauen zabalkunderako kalera ateratzea beharrezkoa izango dela argi dauka Higuerok, “herriko eragile eta erakundeei gure lanaren berri eman behar diegu”. Zerbitzua edozein herritarrentzako zabalik dagoela azpimarratu nahi izan dute, “gizon zein emakume, gazte zein zahar”.