Jaialdi gazi-gozoa Jalguneren eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2013ko azaroaren 21a

Jalgune elkarteko gazte eta begiraleek Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako buruaren laguntzaz, Herrian elkarbizi,bai gozo, bai gazi!!!! jaialdia aurkeztu dute gaur arratsaldean.

Abenduaren 3an, Urritasuna duten pertsonen eguna da. Jalgune elkarteak urtero legez, egun seinalatu hau ospatzeko egitarau dibertigarri eta berezia antolatu du azaroaren 30ean, larunbata.

Gazteek azaldu duten moduan, “desberdinak gara eta zer? Gure desberdintasun eta besteen desberdintasunei esker, ikasi dugu eta guztiok aurre egin behar diogun erronka gainditu dugu: lotsa”.

“Urtero jende berria ezagutzen dugu, nola garen ikasi nahi duten pertsonak dira. Urtean zehar bizitako esperientziak azaldu nahi ditugu jaialdi honetan eta ezagun, lagun eta familiaren aurrean berdinak garela edo ez erakutsi nahi dugu,” azaldu dute.

Dibertsitatearen alde

Aurtengo jaialdiak Herrian elkarbizi,bai gozo, bai gazi!!!! leloa izango du. “Jaialdi gazi-gozoa izatea nahi dugu, Lasarte-Orian dauden zapore desberdinak nahastu daitezen. Gertaerak, iritziak eta gustuak elkarbanatzeko pertsona talde anitza da eta batez ere, primeran pasatzeko jendea. Egun honetan ekintza eta jende entsalada bat egin nahi dugu,” azpimarratu dute agerraldian.

Manuel Lekuonan hasiko da jaialdia arratsaldeko 18:00etan. Honetan elkarteko gazte eta begiraleek emanaldi berezia prestatu dute. “Emanaldira hurbiltzeko gonbita egiten dugu eta begiak ireki eta ikusteaz gain, jaialdian parte hartzeko prest egon daitezen eskatzen diegu,” adierazi dute.

Jaialdia amaitzerakoan, eltzekada egingo dute Okendora arte Dinbi Banda batukadaren laguntzaz. “Dibertsitatearen aldeko eltzekada izango da eta irekia da. Eltze eta goilara bat eraman behar dute honetan parte hartu nahi duten herritarrek. Hauek beharrezkoak dira blokeatzen gaituen lotsari aurre egin eta garen bezala agertzeko, iragazkirik gabe, konplexurik gabe, beldurrik gabe,” jakin arazi dute.

Okendora iristean txokolatada izango da. “Iazko esperientzia oso positiboa izan zen eta berriro egingo dugu,” azaldu dute

Honetaz gain, sorpresa gazi-gozo bat ere aurreratu dute, “herrian inoiz zerbitzatu ez den postre gazi-gozoa izango da, guztiak batu eta zerura begiratzera behartuko gaituena”.

“Esperientzia berri hau gurekin elkarbanatuko duen jendea behar dugu. Gosea duena, soinua atera eta ongi pasa nahi duena”. Era honetara, Jalgunek herritar guztiak gonbidatzen ditu azaroaren 30ean izango de jaialdira.